Leitza Herri Bizia

Auzolana

Auzolan hitza eta, batez ere, auzolanean aritzeko ohitura, oso errotuta daude Leitzako bizimoduan. Herritarrek, auzokoek, bizilagunek elkarrekin eta lankidetzan egindako lanaz ari gara. Auzolanaren bitartez konpondu, bideratu, antolatu eta moldatu dira, sarritan, Leitzako herriak eta Leitzako herritarrek nahiz auzoek izan dituzten beharrak eta egin behar izan dituzten lanak.

Auzolan hitzaren esanahia, jakina, mendeen eta urteen joan-etorrian egokituz joan da. Garai batean gehienbat eginkizun jakin batzuekin lotuta zegoen (bideak, iturriak, itxiturak, askak… moldatzeko edo mantentzeko lanak, esate baterako), eta Udalaren ordenantza baten bitartez jaso eta eta arautu izan da. 

Bizimodua aldatuz joan den neurrian, ordea, auzolan hitzaren esanahia zabalduz joan da eta eguneroko bizitzako beste esparru batzuetara ere iritsi da. Gaur egun, garai bateko jarduerez gain, auzolan gisa ulertzen ditugu herriko eragileek eta herritarrek, herriaren eta komunitatearen mesedetan, elkarrekin eta elkartasunez, egiten dituzten hainbat lan eta aurrera ateratzen dituzten hainbat jarduera eta proiektu.

Esanahia egokituz joan da, beraz, baina betiko oinarriari eta funtsari eusten dio: auzokoen, herritarren, pertsonen arteko elkarlana adierazten du, elkartasuna eta elkar laguntzea ditu oinarrian. 

Herria suspertzeko, kohesionatzeko eta bizi-bizirik eusteko lankidetza horretan ari dira, hain zuzen ere, Leitzako hainbat eragile. Horiek dira, herritar norbanakoekin batera, auzolanaren gaur egungo protagonistak:

Herriko hainbat eragile

  1. AURRERA K.E. :
    1. Futbol eta futbito taldeak
    2. Aurrera dantza taldea
    3. Txistulariak
    4. Leitzako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa
    5. Pilota eskola
    6. Mendibil mendi taldea
    7. Mendibil BTT eta Leitzulia 
    8. Orantzaro eta kabalkada lan taldeak, festa batzordekoa, ioteetakoa, herri krosaren antolakuntza…
  2. ALKE – Altzadi Leitzako Kultur Elkartea 
  3. Atekabeltz Herrigunea
  4. Gazte Asanblada
  5. Suhiltzaile Boluntarioak
  6. Arkupeak 
  7. Jubilatuen Elkartea
  8. Sastrakak 
  9. Emakume asanblada
  10. LeitzEko
  11. Bertatik Bertara
  12. Kikili-salda
  13. Kaxkabeltza Elkartea
  14. Denok Bat Guraso Elkartea (Haur eta Lehen Hezkuntza)
  15. Amazabal Guraso Elkartea (DBH eta Batxilergoan)
  16. Ehiztari eta arrantzaleen Elkartea
  17. EHME – Euskal Herria Mendi Erronka 
  18. Bertso Eskola
  19. Elkarte gastronomikoak: Mutturbero, Orain, Guratzmendi, Etxetxuria, Kornieta, Mendigorri…
  20. Elektro-fanfarrea
Menua