Zer egin
Esperientzia batzuk, aukeran
Peruharri: harri, herri eta mito
Museo berezia, Iñakik eta Perurenatarrek, historia eta kultura harriaren bitartez kontatzen duten eremua. Kanpoaldean tamaina handiko eskulturak edo mitologia edo euskarari erreferentzia egiten dioten adierazpen artistikoak daude; baserri barruan berriz, kirolariaren argazki, jantzi eta oroigarriak, herri kirolez bustitako ganbara eta, nola ez, harriak nonahi, bakoitza bere istorioarekin. Zure neurrikoa altxatzen ausartuko al zara?
Telefonoa: 659 70 10 45 Emaila: peruharri@hotmail.com
Bisitak, aldez aurretik hitzartu behar dira telefonora deituta.
Gorritz baserri eta gaztandegia
Auzoaren eta baserriaren 400 urteko historiaren kontakizun laburra. Bertako baserri ereduaren oinarri filosofikoaren azalpena: agroekologia ardatz. Baserri inguruak eta gaztandegia erakusten dituzte, gazta egiteko prozesua ere azalduz. Bukatzeko, gazta dastaketa.
Telefonoa: 948 51 05 70 / 688 69 86 12 Emaila: gotzonesestorain@gmail.com
Bisitak, aldez aurretik hitzartu behar dira telefonora deituta.
Lesakenea landetxea, orein artean
Bertan ostatu hartuta, oreinen ustiapen estensiboa eta erakusketa berezi bat ikusteko aukera dago.
Garai bereziak: urrian eta azaroaren hasieran, oreinen araldian eta berrea. Maiatzean eta ekainean erditzeak izaten dira. Otsaila eta martxoa bitartean, urteroko adarduraren erorketa eta berri eta handiagoaren agerpena. Ez dago aspertzerik auzokide horiekin!
48 ordu Leitzan
Sarrera
Escapada Rural webgunearen lehiaketa entzutetsuaren 2020-ko edizioan, Leitzak 6. lekua eskuratu du. Landa eremuko turismoa egiteko estatuko herririk onenen artean kokatu da ondorioz. Estatuko lehen hamar herririk onenen artean Euskal Herriko bakarra izan da eta lehiaketa hori aitzakia harturik, turismo blogger baten bisita izan zuen, Bekerreke deiturikoarena hain zuzen. Hark egindako bisitaren plangintza eta azalpena duzue irakurgai jarraian, herrian 48 ordu familiarekin igaroz gero, zer egin ez dakienarentzat proposamen polit bat izan daitekeelakoan.
Hori bai, bisitariaren ezaugarri, egoera eta nahien arabera, norbere bizipena izateko Leitzan bestelako aukera ugari ere badela argi izan: zailtasun gehiago edo gutxiagoko mendi ibilaldiak oinez zein bizikletaz, azoka edo denda txikietatik osteratxoa, bertako produktu edo otordu oparoak, “deus ez eta pesta” adierazpenaren esanahia ezagutzeko jai-giroan murgiltzea…zerrenda oso anitza da.
“48 ordu Leitzan” artikulua
(Iturria: https://www.escapadarural.com/capital-turismo-rural/2020)
Nafarroako ipar-mendebaldean, mendiz inguratuta eta Plazaolako Natur Bideak zeharkatuta, herrigunetik haratago sakabanatuta dauden auzo eta baserriez osatutako herria da Leitza. Inguruan, baratze zainduak ugari dira baita ardiak, behiak … bazkatzen duten zelai berdeak eta erreka nahiz baso itxiak.
Alde batetik, merkataritza-gunea, eta, bestetik, bertako harri gris urdinxka nabarmentzen den alde zahar zaindua, hainbat aldiz aukeratua filmen eta dokumentalen eszenatoki gisa. Erdigunea, herriko plaza; Leitzako herria ospetsu egin duten herri kirol eta folklorearen lekuko bikaina. Bertako produktuaz, kulturaz eta naturaz gozatzeko leku paregabea.
Ostiral arratsaldea
17: 30ean: alde zaharrera bisita eta bertako produktuen gozamena
HARRIA. Harri autoktonoa den gris urdinxka nabarmentzen da alde zaharrean. Alde zahar ospetsu eta koketoa bisitatzean, ziur film batzuen eszena batzuk gogora etorriko zaizkizuela. Bertan grabatu diren film eta dokumentalak ikustea gomendatzen dizuegu; Helena Tabernaren La buena Nueva, Emilio Martínez-Lázaroren ocho apellidos vascos eta Telmo Esnalen Dantza dira lanik ezagunenak.
Herriko plano turistikoa, plazan bertan dagoen eraikin txiki oso berezi batean aurkituko duzue, jendearentzat zabalik dagoen informazio-gunean. Paseoan, ez ahaztu elizako arkupeetara igotzeaz, bertatik herriko panoramikarik onena izango duzue eta.
Herriko merkataritza gunean denda mordoa aurkitu duzue bertako produktuak erosi ahal izateko. Benetako zaporea duten produktuak: gaztak, eztia, haragia, txistorra, barazkiak, frutak…
19:30 “Pintxo potera!”
Pintxo potea Leitzako tabernetara ere iritsi da eta ostiraletan ospatzen da arratsaldeko 19: 30etatik aurrera. Izenak dioen bezala, pintxo poteak gazteak eta adinekoak kalera ateratzen ditu poteoaz eta pintxoez kuadrilan gozatzeko.
21: 00etan: afaria
Leitzako tabernetan pintxo potearekin ibiltzean ohartuko zineten gehientsuenek errazioak, bokatak eta plater konbinatuak eskaintzen dituztela. Hala ere, menu tradizional bat probatu nahi baduzue, Beatrizenean, Musunzarren edo Lopenean afaldu dezakezue. Denak herriaren erdian kokatuta, inguruko jaki tipikoak eskaintzen dituzte.
Larunbat goiza
09:00 h: Zeinen berdea!
BERDEA. Gure inguruko berdetasunak harrituko zaituzte. Herria, hainbat tonalitate berdez marrazturiko mendi eta zelaiez babestuta dago. Begiak ireki bezain laster, naturaz, freskotasunez eta lasaitasunez inguraturik egotearen sentipenak hartuko zaituzte. Udazkenean paisaia koloretako ikuskizun bihurtzen da, berdeari imajina ditzakezuen kolore guztiak gehitzen zaizkio. Nahiz eta udaberriaren erdian gure ingurua oparitzen digun paisaia are bereziagoa izan daitekeen; kimu berrien kolore berdearen intentsitateagatik eta lurra estaltzen duten basa-lore kopuruagatik, zapaltzea saihestu ezin duzun kolorezko alfonbra bat balitz bezala.
Bost orduko ibilaldi bizia edo paseotxoa. Leitzak hainbat ibilbide zirkular eskaintzen ditu abiapuntu berarekin, herriko plaza. Herriko turismo liburuxka berean ordu eta erdiko bi ibilbide gomendatzen dizkizuegu, lasai gosaltzea eta paisaiaz presarik gabe gozatzea gustuko baduzue. Sorogain parajera igoera, 3.6 kilometroko ibilbide zirkularra eta 200 metroko desnibela duena, plan ona izan daiteke landa paisaia autentikoa miresteko. Belardiak eta baserriak ikusi ahal izango dituzue, baita bordak ere. Bidean aurkitzen dituzuen animalia eta zuhaitz espezieak kontatzen joatea proposatzen dizuegu. Harritu egingo zaituzte barietateak. Jaitsieran, Leitzako panoramika onenetako bat izango duzue.
Zerbait biziagoa nahi baduzue, ez ahaztu Pr na 121 Kornietaren liburuxka hartzea plazako informazio-gunean. Aukera desberdinak ikusiko dituzue, guztiak zirkularrak, Pr beraren barruan aukeratu beharrekoak. Ibilbide luzeenak 14 kilometroko distantzia du eta 4 ordu eta 30 minutu eta 5 ordu artean egin daiteke. Bidezidorrak ondo seinaleztatuta daude margo zuri eta horizko zutoin edo markekin eta galtzeko arriskurik gabe, paisaia ikaragarrietara eramango zaituzte. Eta ez da gutxiagorako, gaztainondoz, haritzez, koniferoz eta edertasun handiko pagadi helduez osatutako baso-eremuak igaro ondoren, eremu garbi batera iristen da, non larre menditsuetatik aurrera egiten den Kornietako tumulura iritsi arte. Tontorrean, parke eoliko ikusgarria aurkituko duzue. Esperientzia bikaina.
14: 00etan: Herriko gastronomiarekin gozatzera
Zer sari hoberik ibilaldirako otordu on bat baino. Arakindegia jatetxean euskal sukaldaritza tradizionalaren onena prestatzen dute. 85 urte baino gehiagoko ibilbidea du eta hiru belaunaldiz sukaldean aritu dira etxeko jaki landu, tradizional eta zaporetsuak prestatzen. Galdetu etxeko espezialitateei eta etxeko postre ospetsuei buruz.
Beste aukera bikain bat herriko sarreran dagoen Sagasti jatetxea izan daiteke. Taberna, jangela eta terraza ditu. Nahiz menu bariaturen bat nahiz kartako platerren bat aukeratuta, etzarete damutuko.
Larunbat arratsaldea
16: 00etan: Natur Bidetik bizikletan paseo bat?
Bizikletaz ibilaldi bikaina egiteko abiapuntua, bailarako Lekunberri herriko geltokia izan daiteke.
Berritutako aintzinako tren-geltoki honetan, Plazaola partzuergo turistikoaren egoitza eta zonaldeko Turismo Bulegoa daude. Bertan, bailarako zerbitzu turistiko guztien berri emanen dizue: leizeak, zaldi gaineko ibilaldiak, pitch & putt, scape room-ak, artisauen tailerrak, museoak, abentura-parkeak, santutegiak… Aste osorako bidaia egiteko tentazioa izanen duzue. Hemen duzue gure partzuergo turistikoaren webgunerako esteka: www.plazaola.org
Lekunberriko geltoki horretan emango diogu hasiera gure ibilbideari, Plazaolako bide berdean edo natur bidean barrena. Igarobide hori oso irisgarria da, trenbide estuko trenaren egitura zaharreean eraiki baitzen. 1914 eta 1953 bitartean Iruñea eta Donostia arteko 85 kilometroak lotzen zituen Plazaolak eta gaur egun, 54 km egin daitezke baso eta belardi artean: 32 Nafarroan zehar eta 22 Gipuzkoan.
Malda oso leunak direnez, eta trafikorik ez dagoenez, Plazaola ibilbide bikaina da guztiontzat, eta, bereziki, mugikortasun urriko pertsonentzat; izan ere, egokitutako tarte bat dago eta egokitutako bizikleten alokairua doan eskaintzen da Lekunberriko turismo bulegoan.
Bizikletak alokatzeko eta garraiatzeko zerbitzua eskaintzen duten bi enpresa daude; beraz, kotxez bertara joan eta bertan bizikletak alokatu ditzakezue, Leitzara bide berde ederretik itzultzeko. Leitzara iristean, enpresak berak itzuliko ditu bizikletak Lekunberrira.
Lekunberri eta Leitza lotzen dituen 14 kilometroko ibilbidea oso dibertigarria da, 15 tunel igaro behar dira, luzeena Uitziko tunela (2,7 km). Tunel hau, hain luzea, non esaten baitzen Plazaolako treneko bidaiariek, iluntasunak babestuta, munduko musurik luzeenak ematen zizkiotela elkarri, tunel hori Europako tunelik luzeena izan baitzen luzaroan. Gaur egun, pasaeran pizten diren argiak ditu. Hala ere, 2,7 km dira. Ausartzen zara?
Eta, jakina, beti dago aukera Bide Berde osoa zeharkatzeko edo ibilaldi laburragoak egiteko.
18: 00etan: Peru harri eskultura parkea
Peru Harrira joan ezkero, zalantzarik gabe pasio eta emozio handia sentituko duzu. Iñaki Perurena harri-jasotzaileak diseinatutako pieza erraldoien eskultura-parke honetan, herri kirolen historiaren zati bat eta Iñakiren eta bere seme Inaxioren kirol markak ezagutuko dituzue.
Parke hau Leitzako kanpoaldean dago, NA-1700 errepidean, Uitziko mendaterako norabidean. Kontuan izan, Peru-Harri bisitatzeko ezinbestekoa dela aldez aurretik hitzordua eskatzea. Ohikoena, bisitak larunbat goizetan egitea da.
21: 00etan: afaltzera!
Alaitasunez afaltzera, gure herriarentzako otorduak, elkar topatzea, hizketaldiak eta plazerra esan nahi duelako. Menu tradizional bat Beatrizenean, Musunzarren edo Lopenean aurkituko duzue, eta, arinago afaltzeko, errazioak, bokatak edo plater konbinatuak jan ditzakezue Leitzako hainbat tabernatan.
Igande goiza
10: 30ean: baserrien historia
Benetako baserri bat bisitatzea da gure kulturan egin dezakezuen murgilaldirik onena. Horretarako, Gorritz bisita dezakezue. Baserri hau bisitatzea esperientzia paregabea eta aberasgarria izango da. Gaztandegian, artzain gazta nola egin ikasteaz gain, baserriek paisaian eta ingurumenean egiten duten lana ezagutuko duzue.
Bisita egiteko aurretiko hitzordua ezinbestekoa da.
11: 30ean: Leitzalarrea basoan barna ibilaldia.
Leitzalarrearako bidea hartuta, 6 bat kilometrora Leitzalarrea izeneko paradisu natural batean paseo bat egin dezakegu. Zuhaitz zaharrez osatutako baso honetan, monumentu megalitikoak, harrespilak eta trikuharriak aurkituko dituzue.
Leitzalarrea mendi komunal bat da eta gutxi aldatutako baso batez gozatzeko aukera ematen dio bisitariari. Leku apartatu eta preziatu batean, paseatzeko, bertako flora ezagutzeko eta azalpen-panelak irakurriz, hainbat gaiez ikasteko aukera duzue, hala nola mendiaren ustiapen sekular eta ordenatuari buruz: abeltzaintza, basogintza, meatzaritza eta hidroelektrikoa.
Leitzalarrean, Izaietako eremu babestua dago, legez Monumentu Natural bezala babestua, 1.832-an sortua eta garai hartako mintegia. Bizilagunek, mozten zuten zuhaitz bakoitzeko, birjarri behar zituzten 10 zuhaitzak landatu ahal izateko balio zuen mintegia zen. Esparru hesitua da, benetako lorategi botaniko bihurtua, eta fitxekin identifikatutako 37 baso-espezie ditu.
Izeieta baino pixka bat lehenago, Ixkibar aisialdirako gunea dago, mahai, erretegi eta egin daitezkeen pasealeku seinaleztatuak azaltzen dituzten panelekin egokitua.
14: 00etan: agur handia
Jatun onak izatearen ospea dugu, eta ez dadila esan. Leitza bazkaltzen agurtuko dugu, nola ez! Iruson egingo dugu, Leitzalarrea basoan bertan dagoen jatetxean. Tokiko lehengaia eta kalitatezko haragia, familiako harategitik datozenak, Leitzako Perurena harategitik.
Horrela, Plazaola bailarari agur esango diozue. Baserri handiez zipriztindutako herri txikien txoko oparoa. Jendearen izaera zizelkatu duen inguru indartsu, eder eta dotorea.
Gure herriek, gure jendeak, gure txokoek beste leku batzuetan oroitzapen hutsa diren tradizioak mantentzen dituzte. Hori da gure ondarea, gure nortasunaren ezaugarria.
Adi egon gure ekitaldien agendari. Elkarte-kultura eta auzo-lanaren tradizioa direla eta, asteburu gutxi batzuk geratzen dira ospakizun edo herri-ekitaldirik gabe.
Espero dugu gure jendearen berotasuna sumatzea. Istorioak kontatzea gustatzen zaigu, leku magikoak erakustea, janaria prestatzea gustatzen zaigu eta jendeak gustuko izatea gustatzen zaigu.
Informazio-iturriak eta egitarau hau burutzeko beharrezko datuak:
Plazaola Partzuergo turistikoa, Turismo Bulegoa: www.plazaola.org 948 507204 (Plazaola kalea 21, Lekunberri)
Informazio turistikorako gunea: Leitzako plazan dagoen eraikin berezia.
Peru Harri eskultura-parkea: sarrera aurrez hitzartutako bisita gidatuaren bidez. Iñaki Perurena 659 701 045. Erasote auzoa 4, Leitza.
Gorritz baserria: baserria eta gaztandegia bisitatu, aldez aurretik erreserbatuta. Gotzone Sestorain, Telefonoa: 948510570. Gorriztaran auzoa, Leitza.
Amairu rental bikes: bizikleten alokairua eta garraioa. Ana eta Oier, telefonoa: 722782923 amairu13lekunberri@gmail.com. Aralar kalea 17, Lekunberri.
Menu landuetarako jatetxeak eta plater konbinatu eta razio goxoak jateko tabernak:
Beatrizenea (taberna): San Migel kalea, 2. Telefonoa: 948 51 09 91
Gaztañaga (taberna): Elbarren kalea 55. Telefonoa: 948 61 07 08
Lopenea (taberna): Elbarren kalea, 47. Telefonoa: 606 27 35 34
Ogi berri (taberna): Elbarren kalea, Telefonoa: 948 61 09 74
Peritza (taberna): Elbarren kalea, 23. Telefonoa: 948 51 36 82
Torrea (taberna): San Miguel kalea, 1. Telefonoa: 948 61 09 09
Txoko (taberna): Elbarren kalea, 22. Telefonoa: 948 51 02 27
Leitzarra (taberna): Elbarren kalea, Telefonoa: 948 51 03 52
Landa-Berri (taberna): uharte Apezpikuaren plaza 3, Telefonoa: 948 610 768
Informazio gehiagorako
Bisitatu Bekerreke turismo bloggerrak Leitzari buruz idatzi zuen blogeko sarrera (gaztelaniaz):