Leitza gaur egun zer den nekez uler daiteke euskararik gabe. Baditu herriak, jakina, bestelako ezaugarri eta nortasun-ikur sendoak, baina euskarak dena busti eta zipriztintzen du. Euskara izan da, eta euskara da, bertako hizkuntza propioa eta nagusia. Ohiko hizkuntza izan da beti, gaur egun ere hala da eta, hizkuntzari eusteko bertan egin den ahalegina kontuan izanda, argi dago Leitzako herritarrek etorkizunean ere hala izan dadin nahi dutela.
Leitzako historian barrena egin litezkeen sartu-irteera guztietan, baita hizkuntza erromantzeetan idatzitako dokumentu historikoetan ere, antzeman daiteke bertakoen hizkuntza zein izan den. Horri eutsi dio historian barrena, eta bizirik eta indartsu iritsi da euskara XXI. mendera ere, hizkuntza txikien aurkako korronte nagusiari aurre eginez.
Hizkuntza erabat normalizatua izatera iristeko bidearen zati bat egiteko badago ere, urrats garrantzitsuak egin dira Leitzan euskara eguneroko bizitzako esparru guztietara zabaltzeko, eta hainbat eremutan hizkuntza nagusia da gaur egun: Udalean, ikastetxeetan, bertako hedabideetan, herriko eragile, elkarte eta taldeen jardunean, kalean, etxean…
Normalizazioaren bidean egin beharreko urratsak egon badaude, baita horiei ekiteko borondatea ere. Bitartean, euskarak jarraituko du bertan bizi garenon ohiko bizimodua ardazten, herriaren nortasuna indartzen, eta kanpora begira Leitzak erakutsi dezakeen ikur, balio eta ezaugarri nagusia izaten. Ez altxor ikusgarri soil gisa, baizik eta bizitzeko, harremanak izateko, sortzeko eta gozatzeko eguneroko baliabide gisa baizik.
Leitza, euskararen arnasgune
Leitza herri euskalduna dela bistakoa da, bertakoak badaki, eta berehala ohartuko da horretaz herrira bisitan datorrena ere. Eta are gehiago, Leitza euskararen arnasgunea da. Alegia, euskarak arnasa hartze duen gunea, lekua, edo, beste modu batean esanda, euskarari arnasa ematen dion gunea edo lekua.
Izan ere, herritar ia guztiak euskaldunak izateaz gainera, alegia, euskararen ezagutza oso altua izateaz gainera, erabilera-indizea ere oso handia da bertan. Euskara bizi-bizirik dago Leitzan, eguneroko bizitzan hizkuntza nagusia da, eta herritarron bizimodua eta herriaren jarduna ardazten du, goitik behera.
Euskara ez da bertan entzuten den bakarra, jakina, baina bai Leitzako herritarren artean gehien entzuten dena, eta herriaren nortasunaren osagai esanguratsua eta garrantzitsua da.
Euskararen arnasgunetzat hartzen diren herriak, Leitza tartean, biztanle kopuruari dagokionez gehienetan txikiak izanagatik, garrantzitsuak dira, ezinbestekoak ere esan liteke, euskararen normalizazioan eta euskararen etorkizunean. Leitzak eta Leitza bezalako herriek, arnasguneek, egiteko garrantzitsu bat daukate euskara berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesuan, euskararentzat birika moduko bat baitira, aurrera egiteko eta hedatzeko lanean ezinbesteko arnasa emanen diotenak.
Zenbait datu eta jakingarri
Euskara osasuntsu dago Leitzan, bizitasun handiko hizkuntza da. Ez da, noski, zeharo normalizatutako hizkuntza, eta eguneroko bizitzako eremu askotan nagusi bada ere, badaude oraindik ere irabazi ez dituen edo ia presentziarik ez duen espazio jakin batzuk. Euskara hizkuntza gutxitua da Euskal Herrian eta Nafarroan, eta horren isla, ezin izan zitekeen bestela, Leitzan ere nabaritu daiteke.
Hizkuntzaren osasunaren eta egoeraren berri osoa izateko hainbat datu eta jakingarri hartu behar dira kontuan. Labur beharrez, horietako batzuk aipatuko ditugu hemen, euskarari nolabaiteko argazkia ateratzeko:
Ezagutza: Leitzako herritar ia guztiak euskaldunak dira. Udalerrrika egindako azkeneko azterketen arabera, herritarren % 90ak baino gehiagok ongi hitz egiten du euskaraz.
Erabilera: erabilera neurtzeko hainbat urtetan egindako neurketaren arabera, batez beste, kaleko euskararen erabileraren indizea % 75 ingurukoa da.
Atxikimendua: herritarren euskararekiko atxikimenduaren inguruko Leitzako datu zehatzik ez dagoen arren, eskualdea eta ingurua eremutzat hartuta egindako ikerketetan atera diren ondorioak gurera ekarrita, eta euskararen aldeko hainbat dinamikak eta jarduerak izan ohi duten erantzuna ikusita, okertzeko beldur handirik gabe esan liteke Leitzan herritarren aldetik euskararekiko atxikimendua eta lotura oso sendoak direla.
Sormena: euskal kulturak eta euskarazko sormenak iturri bikaina eta emankorra aurkitu dute Leitzan, euskaraz sortzen eta ekoizten duten makina bat lagun eman dituelako herriak: idazleak, musikariak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, ikerlariak, irakasleak…
Ikastetxeak: Leitzako ikastetxe guztietan -Itzaire haur eskola, Erleta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea, eta Amazabal Institutua- euskaraz egiten dira ikasketak, eta ikasleen % 100 euskaraz ikasten ari da bertan.
Hedabideak: Hedabide orokorretan gaztelania nagusi bada ere, bertako hedabideetako hizkuntza euskara da Leitzan. Karrape Irratiak urte osoan zehar emititzen du astelehenetik ostiralera, eta euskaraz osatzen du bere programazioa. Eskualdeko Ttipi-Ttapa hamabostekaria eta Erran.eus agerkari digitala ere euskara hutsean argitaratzen dira, baita urtean behin argitaratzen diren Marmari eta Plazaola aldizkariak ere.
UEMA: Leitzako Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da 1993. urteaz geroztik. Udalak euskaraz jarduteko erabakia hartu zuen, beraz, baita herriko bizitza publikoa eta pribatua euskaraz egin dadin bultzatzeko eta euskararen lurraldea osatzeko erabakia ere.
Leitzako Udala eta Euskara Mankomunitatea: Leitzako Udala euskararen normalizazioan eragile garrantzitsua da. Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko partaidea da eta Mankomunitatearen euskara zerbitzuaren bitartez kudeatzen du bere hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza.
Euskalgintza Leitzan: euskara batzordea da Leitzako eragileak elkartzen dituen bilgunea, bertara deituak dira udal ordezkariak, herriko hiru ikastetxeak, eskolako eta institutuko guraso elkarteak, euskaltegia, Aurrera elkartea, Karrape Irratia eta gaztetxea. Euskara batzordeaz gain, badago Euskaraldirako lantalde berezitu bat ere, ekimen jakin hori lantzen duena.
IKA euskaltegia: euskalduntze-alfabetatzearen alorrean Leitzako IKA euskaltegia ari da lanean, eta bertan nahiz eskualdeko beste zenbait herritan ematen ditu eskolak.