Euskara eta Hezkuntza

Leitzako eta Goizuetako udalak ‘gorabidean’ mailan zeuden, baina azken hilabeteotan egindako lanaren eta hartutako konpromisoen ostean, ‘tontorrean’ mailara igotzea lortu dute. Egindako lana azaltzeko eta aurrerantzean herritarrek sumatuko dituzten aldaketen berri emateko, hedabideen aurrean agerraldia egin dute gaur eguerdian Leitzan. Bertan izan dira Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Unai Loiarte (Goizuetako alkatea), Onintza Bengoetxea (Leitzako euskara zinegotzia), Zuriñe Lujanbio (Goizuetako euskara zinegotzia), Kristina Urrutia (Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria) eta Miren Etxenike (UEMAko euskara teknikaria). 

Leitzako Udalaren izenean Mikel Zabaleta alkateak nabarmendu duenez, “Leitza herri euskalduna da, eta herritarrak ordezkatzen dituen Udalak horren isla izan behar du”. Zabaletaren hitzetan, “horregatik, urte askotan lan handia egin da hainbat esparrutan, Udaletik eskaintzen diren zerbitzuak euskaraz eman ahal izateko. Oraingo Udal taldeak lan horren emaitza jaso eta aurrera jarraitzea erabaki zuen, besteak beste, Hirigintza zerbitzua euskaratuz. Udalek dauzkagun eskumenen artean, Hirigintza zerbitzua garrantzitsuenetarikoa da. Zerbitzu hori euskaratzeak, UEMAren sailkapenaren arabera tontorrera eraman gaitu. Albiste pozgarria dela iruditzen zaigu, izan ere, honek esan nahi du Leitzako Udalak hemendik aurrera herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu guztiak euskaraz eman ahal izango dizkiela”.

Oraindik egiteko eta hobetzeko asko dutela eta horretan saiatuko direla nabarmenduz amaitu du hitzartzea Mikel Zabaletak, “tontorreraino iristeko” bidean izan duten laguntza ere eskertuz, bai UEMAri eta baita “gainontzeko herriko ordezkariei” ere.

Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria den Kristina Urrutiak zehaztu duenez, “duela 24 urte sartu ziren UEMAn Leitza eta Goizueta. Ia mende laurdena egin dute bi udalek administrazioa euskalduntzeko bidean”. 24 urte hauetan agiriak, txostenak, ebazpenak, aktak eta gainerakoak gazteleraz izatetik erabat euskaraz izatera pasatu direla nabarmendu du teknikariak. “Azkenean, guztien ahaleginari esker lortu da helburua”.

Agerraldiaren audioa, osorik, hemen:

https://soundcloud.com/komunikazioa-uema/leitzako-eta-goizuetako-udalak-tontorrean