Astelehenetik ostiralera goizeko 10:30etatik 14:00etara. Karrape Irratiak 27 urte daramatza Leitzako goizak informazio, elkarrizketa eta herritarren arteko elkartrukez betetzen; musika eta umorea ere ez da inoiz falta izan.

Ez dira gutxi Leitzaldean haien komertzio, lantegi eta etxeak Karrape Irratiko uhinez janzten dituzten herritarrak, goizero-goizero, gure herriko nobedade eta unean-uneko gaien berri lehen eskutik jasoz. Bada aurrerantzean, FM 107.8 frekuentzian aurkitzeaz gain, sarean ere entzuteko aukera izanen dugu, irratia sintonizatzeko zailtasun eta interferentzia guztien gainetik, eta munduko edozein txokotatik entzuteko moduan! Ez al da bikaina?

 

Lehenengo pausoa, 10:30etatik 14:00etara eta astelehenetik ostiralera zuzenean emititzen diren irratsaioak leitza.eus web orrialdean bertan entzuteko aukera luzatzea izanen da. Karrape Irratia emititzen ari den bitarte horretan, botoi bakarra sakatu eta nonahitik entzun ahal izango dugu, irratia sintonizatzerakoan bezalaxe. Ordutegi horretatik kanpo aldiz, ez da ezer entzungo botoi hori sakatuta ere.

 

Bigarren pauso bat ere egonen da ordea. Goizeko ordutegi horretan irratia jartzerik ez dutenei begira, 3 ordu eta erdiko azken hamar irratsaioak podcast edo grabazio gisa edozein momentutan entzuteko modua egonen da. Aukera hau leitza.eus web orri honetan bertan eskainiko da baita ere eta, klik bakarrean, azken bi asteetan irratian esan eta entzundakoak, nahi dugunean berrentzuteko aukera izanen dugu.

 

 

Has gaitezen beraz gure herriko irratiaz gozatzen nahi dugun modu, ordu eta lekuan!