Azkenaldian txakurrekin, zaborrekin eta oinezkoen bideekin jokabide desegokiak ematen direla begi bistakoa da. Hori dela eta, Leitzako Udalak arlo horien inguruan hausnartu eta begirune eta herritartasunez jokatzeko deia egiten die herritarrei.

Alerta egoeran gaudenetik Leitzako Garbiguneak ez du ohiko ordutegian irekitzen baina 948 510 444 telefonora deituta, hitzordua eskatu eta hondakin handiak bertan jasotzeko aukera zabalik dago aspalditxoan. Hori horrela izanik ere, egunak joan egunak etorri, hondakin mordoa agertzen da bestelako edukiontzien inguruan botata: koltxoiak, kaxak, era guztietako altzariak...

Beste alde batetik, jakina da jendartean txakurrek lotuta ibili behar dutela. Herrigunean eta inguruko parkeetan ere, txakur kakak hauen jabeen ardura dira. Baina hala ere, sustoren bat edo beste egon da txakurrekin eta ez dira gutxi nonahi aurkitzen ditugun gorotzak. Non ibili behar ote dute umeek edota gurpildun aulkian ibili behar dutenek txakur kakaz zikinduta ez bukatzeko?

Covid-19aren krisialdia eta honen inguruan agindutako babes neurriei dagokienez berriz, maskara eta guanteak erabiltzea egoki ikusten dugu, baina hauek lurrean barrena botaz gero, herria zikindu eta infekzio iturri ere izan daitezke guztiontzat.

Azkenik, eta gaia aspalditik mahai gainean badago ere, Leitzan oinez edo bizikletaz seguru ibiltzeko neurriak hartzen jarraitzen dugu. Abiadura muga 30 km/h-ra murriztu da herrigunean, terrazen eskaerei erantzunez kale bat oinezkoentzat egin da, hainbat lan egin dira irisgarritasunean aurrera egiteko...baina honek guztiak ez du askorako balio autoekin nonahi sartu, bideak itxi edota espaloi gainetan ere aparkatzeko gai bagara.

Azken hilabete hauetan Leitzako herria eta herritarrak eredu izan dira zentzu askotan eta guztion aldetik egindako ahaleginak benetan harro sentitzekoa dira; hala ere, herri gisa oraindik badugu zer hobetua eta bide horretan aurrera pausoak ematera gonbidatu nahi zaituztegu.

ARDURAZ JOKA DEZAGUN; BEGIRUNE ETA ERRESPETUZ BIZI GAITEZEN. 
 
Zaindu dezagun ingurua eta zaindu dezagun elkar.