Koronabirusaren ondorioz, elkarrekiko arduraz jokatu eta etxean gelditzera dei egin digute. Horrek, ondorio asko eta oso anitzak ekarri dizkigu guztioi, baina beste behin ere, lehen sektoreko bertako ekoizleak, ataka batean jarri ditu: haien produktu freskoei aterabidea nola eman, beti ere inor arriskuan jarri gabe.

Hartutako neurrien artean, asteroko azoka bertan behera gelditu da eta, aurrez-aurreko salmentarako ere, oztopoak ez dira gutxi. Baina eragozpen hauek gainditu nahian, Leitzaldean aurkitu dugu errezeta: herritarrei Leitza eta Aresoko baserritarren elikagaiak, astean behin eta norbere etxean jasotzeko aukera luzatzea.

Ekimena Leitzaldeko hainbat baserritar, LeitzEko Kontsumo Taldea, konfinamendu egoera honetarako orain berriki eratu den Herritarren Laguntza Sarea eta Leitzako Udalaren elkarlanetik sortu da. Eta bertako baserrietatik, bertako etxeetara, kalitate eta freskotasun onena duten babarrun, barazki, gazta, arrautza, haragi eta bestelako produktu goxoak zuzenean iristeko, guztion segurtasuna bermatuko duen salerosketa protokolo zorrotz bat finkatzea izan da bigarren erronka.

Adostutako prozedura albistearen argazkian ikusi dezakezue.

Lehenik, ekoizle eta produktuen eskaintza zerrendatik, norbere aukera egin dezake herritarrak. Karta hau bide askotatik zabaldu da baina nahi duenak eskuragarri dauka ekimen honen eragileetariko bakoitzaren sare sozialetan ere.

Astelehenetik asteazkenera, 617 38 59 33 telefonoan eskaerak jasotzen dira, ahoz zein mezu bidez, beti ere 09:00etatik 18:00etarako ordutegiaren barruan.

Eta azkenik, ostiralero, etxez etxeko banaketak burutzen dira boluntarioen bitartez eta higiene neurri zorrotzak jarraituz. 

Diruak birusa hedatzea erraztu lezakeenez, LeitzEko Kontsumo Taldeak eta Leitzako Udalak hitzarmena sinatu dute. Honi esker, Udalak dirua aurreratu eta baserritarrek haien salmenta guztien ordainketa astero jasotzen dute. 

Erosleek ordea, egoera hau amaitzen denean ordainduko diote eskuratu dituzten produktu guztiengatik LeitzEko Kontsumo Taldeari eta honek, Udalari.

Modu honetara, jakiak etxean jasotzeko momentuan inork ez du dirurik esku artean erabili behar eta ordainketa guztiak modu seguruan burutzen dira.

Ez dago aitzakiarik beraz, baserritarrak hauspatu eta bertako elikagaiez gozatzen jarraitzeari uzteko! Ekimenaren izenak dioen bezela: Baserritik etxera!

Bukatzeko, oinarrizko beharrak asetzeko irekita dauden herriko zerbitzu eta dendetan kontsumitzera dei egiten dugu, betiko moduan, herria bizi mantendu nahi dugulako. 

#denokegitenduguleitza #EtxeanGelditu #HerritarrenLaguntzaSarea