Landa eremuko turismoa egiteko estatuko herririk onenen artean kokatu da Leitza. Escapada Rural webguneak antolatutako bozketan seigarren sailkatu da, 94.545 bozen %7,3arekin. Lehen hamar herririk onenen artean Euskal Herriko bakarra izan da. Kantabrian kokatzen den Potesek irabazi du bozketa.
Laugarren edizioa zuen aurtengo “Landa Eremuko Turismoaren Hiriburu” lehiaketak, Escapada Rural webguneak antolatuta. Hamar herri aproposenen artean Leitza sailkatu zen eta azkenean, seigarren postuan bukatu du bozketa.
Guztira, 94.545 boto eman dira –iaz emandakoen bikoitza– eta %7,3k aukeratu du Leitza landa eremuko turismoa egiteko tokirik onena bezala.
Escapada Rural webgunearen arduradunek parte-hartze handiarekin pozik agertu dira, hala nola finalean egon diren hamar herrien inplikazioa ere.
Webgunean bertan herri bakoitzean 48 orduan egin daitekeen plan bat dago argitaratua –ostiral arratsaldetik igande arratsaldera–, udalerri bakoitzeko turismo arduradunek osatua. Mendiko txangoak, bizikleta gainean egin daitezkeen landa eremuko ibilbideak, gastronomia, Peru Harri museora bisita eta herriaren erdigunetik osteratxoa ematea nabarmentzen dira Leitzaren kasuan. Bisitariarentzat interesgarriak izan daitezkeen lekuen kontaktuak ere batzen dira bertan.
Leihaketako sailkapenaren inguruko zehaztasun gehiago nahi dituenak edo Leitzan 48 orduko plan zehatz posible bat irakurtzeko interesa lukeenak, hemen aurki dezake informazio interesgarri hori (gaztelaniaz): https://www.escapadarural.com/capital-turismo-rural/2020?fbclid=IwAR03V5l3UnwLhCv22WbhYIA53jjeJtY3FkdvJdh2_gu7C1Ou5kKvw_MFaNQ
Bestalde, Bekerreke deritzon Euskal Herriko turismoaren inguruko blogean, Leitza berezi egiten duten 8 arrazoi jasotzen dira, irakurtzeko interesik lukeenarentzat (gaztelaniaz hau ere): https://www.bekerreke.com/2020/06/19/leitza-turismo-rural-que-ver-que-hacer/?fbclid=IwAR31yQS1nK2s-XMVdAi8SSNqreKdP4sqXz10_Z9AjVBtSMFxSOW590XajiE
Zorionak Potes eta eskerrik asko Leitza aukeratu eta aukeratzen jarraitzen duzuen guztiei. Inguru eder honetaz herritarrokin gozatu nahi duenak, hemen izanen gaitu!
#DenokEgitenDuguLeitza