Zer ikusi

Herrigunean

Leitza zine eszenatoki

Zinearen dizdirak Leitza urrezko eszenatoki bihurtzea ere ekarri du. Helena Tabernaren “La buena nueva”,  Emilio Mtz. Lazaroren “Ocho apellidos vascos”  edota Telmo Esnalen “Dantza” dira adibide aipagarrienetakoak.

Arkitektura

Ezinbestekoa gertatuko zaigu Leitzako alde zaharrean murgiltzea, bertako harrizko etxeen egurrezko balkoi luzeak eta puntu erdiko sarrera ikusgarriak miresten ditugun bitartean. Alde zaharreko etxeen kokapenari begiratzen badiogu, esaera batek dio Leitzako etxeak elkarrekin “haserreturik” daudela.

Jose Miguel Elosegik Leitzako etxe askoren irudiak bildu ditu, lehenetik  orainera 1974, 1994, 2004 eta 2014an, auzoka eta txukun antolatuta. Ikusi nahi badituzu, sartu hemen.

Plaza zaharra

Garai bateko herriko plaza izana, bertan kokatzen dira garai batean udaletxea izandakoa, herriko etxerik zaharrenak eta baita Domingoneko iturria ere.

Itturrizarrea

Herriko iturri ezagunenetako hau, bere uraren kalitate eta freskotasunagatik da ezaguna; ez dira gutxi ur horrek dohain bereziak dituela eta herrian hainbeste kirolari profesional izatearen sekretua hor dagoela diotenak. Plazaolako trenbide zaharra herrigunearekin lotzen duen bidezidorraren hasieran kokatzen da.

Done Mikel eliza

XVll. mendearen azken laurdenean eraikia, XlX. mendean gehitutako kanpandorrea eta arkupe dotorea ditu ezaugarri nagusitzat. Eliza ataritik herriaren ikuspegi zoragarriaz goza daiteke gainera.

Aieneko garbilekua

1863. urtean eraikia, emakumeen lanaren eta Leitzako gora-beheren lekuko izan zen herri arkitekturako adibide bikaina da. Plazari itsatsita, gaur egun ongi zaindutako lekua da eta bisitarako gune erakargarria. Noizean behin erakusketa, ipuin kontaketa edo kontzertu txikiren bat antolatzeko giro berezia eskaintzen du.

Euskal Herria plaza

Herriko biziaren erdigune, bere harrizko pareta kirol erronka handien eta kultur jardueren lekuko izan da. Aipatzekoa da bertan dantzatzen den herriko dantza kuttuna: ingurutxoa. Gaur egun, ostiralero, asteroko azoka ospatzen da bertan; larunbat askotan berriz, Leitza eta Aresoko produktuak eskuratzeko baserritarren azoka ere egoten da.

Udaletxea eta Plaza

Udaletxea 1752. urtean bertakoa den harri gris urdinduarekin eraiki zen, eta bere arkupe zabalak eta eraikinaren handitasunak ematen dio garrantzia. 1917. urtean egindako zaharberritze lanen ondorioz, eraikinari ekialde eta mendebaldeko hegalak gehitu zitzaizkion, bostetik bederatzi arku izatera pasatuz eta gaur egunean ezagutzen dugun itxurarekin geldituz.

Plaza herri-kirolaren aspaldiko, egungo eta geroko izar askoren sorlekua da. Ostiralero ospe handiko azoka egiten da eta igande arratsaldeak bertako txistulariek alaituak izaten dira. Udaletxea (1917) bere izaera monumentalagatik nabarmentzen da. Bertako harri gris-urdin tipikoaz egina, estilo soilekoa da eta behean arkupea dauka.

Inguruan

Auzoak

Herriguneaz gain, Leitzan ere badaude ehun baserri inguru, bost auzotan banatuta; Arkiskil iparraldean, Erasote hegoaldean, Gorriztaran ekialdean eta Sakulu eta Erreka auzoak mendebaldean. Gaur egun, ordea, gutxi batzuk bakarrik dira nekazaritza edota abeltzaintzatik bizirauten dutenak.

Jose Miguel Elosegik Leitzako etxe eta baserri askoren irudiak bildu ditu, lehenetik  orainera 1974, 1994, 2004 eta 2014an, auzoka eta txukun antolatuta. Ikusi nahi badituzu, sartu hemen.

Ibero

XlV. mendean Urumea errekaren bazterrean eraikitako erdi aroko eraikin multzoa dugu. Dorre batek, meategiak eta baserriak osatzen dute ingurua, ibaia harrizko zubi batetik zeharkatuz. Nafarroan dagoen Erdi Aroko industri konplexu bakarra dugu Ibero. Dorrean eta inguruan zaharberritze lanak egin dira eta 2019. urteaz geroztik Iberok itxura berritua eta ederra dauka. Bertan, errekak hartzen duen formak eta dituen putzuak, bainu freskoak hartzera gonbidatzen gaitu udako egun beroetan.

Kornieta

Urtean zehar, baserritar eta abereen lanaren ondorioz zaindutako larre toki hauetatik Leitzaran haranaren ikuspegi ezin hobeaz goza dezakegu. Basa Kabi hotel zaharretik irtengo den ibilbide atsegina eginez ailegatu gaitezke paraje hauetara, Leitza eta Doneztebe elkartzen dituen errepidearen bazterrean autoa utzita. Haize-errotek eta ortzimugan ikus daitezkeen euskal mendi ezagun ugariek ikuspegi berezia ematen diote.

Plazaola Natur Bidea eta Bide Berdea

Bide naturala da, igarobide oso irisgarria,  oso malda leunekoa eta trafikorik gabea.  Hori, 1914 eta 1953 artean Iruñea eta Donostia artean dauden 85 kilometroak lotzen zituen bide estuko trenaren egitura erabili delako da. Gaur egun, 54 kilometro egin daitezke basoa, belardiak eta erreka inguruan ditugula: 22 Gipuzkoan eta 32 Nafarroan. Horietatik 12 km Leitzantik atera gabe igaro daitezke!

Oso ibilbide dibertigarria da. Leitzako tartean bertan 11 tunel igaro behar dira eta horrela Uitziko tunelara iritsiko zarete (2,7 km). Tunel hori hain luzea da, non esaten baitzen Plazaolako treneko bidaiariek, iluntasunak babestuta, munduko musurik luzeenak ematen zizkietela elkarri. Denbora luzez Europako tunelik luzeena izan zen. Gaur egun, aurrera egin ahala piztuz doazen argiz hornituta dago. Hala ere, 2,7 km dira. Ausartuko al zara?

Leitzalarrea

Leitzako herrigunetik iparralderantz aterata, Plazaolako lehengo estaziorantz, horra iritsi baino metro batzuk lehentxeago ezkerrerantz dagoen errepideak Leitzalarrera garamatza. 8 Km eginda, Ixkibarren egonen gara.

Leitzalarrea paraje aparta da, naturaren ikuspuntutik garrantzitsua. Herriaren azaleraren erditsua du eta batez ere pagadiz eta hariztiz osatutako basoa da gehiena; larreak eta istordiak ere ugariak dira.

Leitzalarreko urak Leitzaran ibaiaren arrora eta Urumea ibaira isurtzen dira. Bada kasu bat, ordea, urtabearen arabera, bietara ere isurtzen dituena: Muñoko Loie iturriko urak normalean Urumeako isurikoak badira ere, euriteetan ura mendixkako bi paldetara joaki, iparralderanzkoek Leitzarango arroa dute isurleku.

Leitzalarrean han-hemen dauden monumentu megalitikoak pertsonon presentziaren antzinatasunaren lekuko eta froga dira; mendeetan zehar meatze-jarduera oparoa izan zen, eta orduko hondakinen eta burdinolen aztarna ugari daude oraindik. Egun abeltzaintza eta basogintza dira bertan egiten diren jarduera ekonomiko nagusiak.

Geroz eta jende gehiago etortzen da bisitan eremu honetara. Ixkibar, baso artean eta mendiz inguratuta, aisialdiko eremua da eta bertatik inguruetan dauden hainbat leku interesgarritara joan gaitezke.

Leitzako herriko lurretan, bertako zuhaitz eta zuhaixkez gain, mota askotako konifera espezieen aleak daude aldatuta. Paseotxo batek Aritzaundira bidera gaitzake.

Izaieta ikustera joatea ere gomendagarria da, bertan dauden izei zuri (Abies alba) ikusgarriak bisitatzera. Ia 40 m luze dira eta ondare natural izendapena dute.

Aitzmurdira ere joan gaitezke, eta bertan dauden mugarratutako pago eta haritz zaharrek beste garai batzuk oraitaraziko dizkigute, artzainez gain ikazkinak eta olagizonak paraje hauetan lan egin eta bizi zireneko garai haiek…

Leitzalarreko sekretuak aurkitu nahi ditugunok, hainbat eta hainbat ibilaldi egin ditzakegu hara eta hona, naturaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko dizkigutenak.

Menua