Datozen asteetarako parte-hartze saio irekiak antolatu dira. Larraun-Leitzaldea eskualde osoko sektore ekonomiko guztiak, eragile sozialak eta herritarrak deituko dira, eskualdearen garapen eta eraldaketarako MIMUKAI zentroa diseinatzeko.
MIMUKAI – Garapenerako eta Eraldaketarako Zentroa sortzeko bidea abiatu du Leitzako Udalak, Larraun-Leitzaldeko tokiko ekonomia eskualdeko ikuspegiarekin garatzeko helburu nagusiarekin.
Leitzan kokatuta egonik ere, eskualde osoko sektore ekonomiko guztientzako topagunea izango da MIMUKAI, eta hainbat espazio izango ditu: obradore publikoa, energiaren inguruko informazio gunea, garapen agenteen bulegoak, formakuntza eta bileretarako gelak, coworking gunea…
Azpiegitura horrek ekosistema berritzaileak sustatzeko eta eskualdeko sektoreetarako eta sektorearteko garapena bultzatzeko palanka izan nahi du eta, zentzu horretan, besteak beste helburu zehatz hauek ditu: eskualdeko elikagaien transformazioa eta komertzializazioa erraztea; lehen sektorean enpresak, enplegua eta ekintzailetasuna sustatzea; sektorearteko topaketak eta sinergiak sortzea; eskualdeko enpresentzako eta langabe eta ekintzaileentzako zerbitzuak eta prestakuntza eskaintzea; eta energia berriztagarrien inguruko aholkularitza eskaintzea.
MIMUKAI zentroaren helburu eta ildo nagusiak zehaztuta daude baina eskualdeko ekonomia-sektore guztietako interesdunen eta herritarren beharrak jasoz modu kolaboratiboan diseinatu nahi dute espazioa sustatzaileek. Horrela, datozen asteetarako parte-hartze saio batzuk antolatu dira MIMUKAI proiektua gizarteratzeko eta etorkizuneko erabiltzaile izan daitezkeenen beharrak jasotzeko, eskualdeko eragileen ekarpenekin espazio eta zerbitzu eskaintza ahalik eta erabilgarrienak diseinatu daitezen.
Lehen parte-hartze saioa otsailaren 25ean, osteguna, 15:30ean egingo da Leitzako Herri Aretoan eta bereziki lehen sektoreko eragile eta herritar interesdunak daude deituta.
Hau da parte-hartze saioen egutegia:
- Otsailaren 25ean, Leitzan, 1. sektorea eta herritar interesdunak
- Martxoaren 4an, Leitzan, 3. sektorea eta herritar interesdunak
- Martxoaren 11an, Jaunsaratsen, 1. sektorea eta herritar interesdunak
- Martxoaren 17an, Lekunberrin, 1. eta 3. sektoreak eta herritar interesdunak
- Martxoaren 24an, Lekunberrin, 2. sektorea eta herritar interesdunak
- Apirilaren 15ean, Leitzan, 2. sektorea eta herritar interesdunak
- Apirilaren 22an, Goizuetan, udal ordezkariak
- Maiatzaren 6an, Leitzan, saio irekia.
Saioetan parte hartu nahi dutenek, mimukai@gmail.com helbidean izena eman beharko dute. COVID krisia dela eta, saioetarako aforo mugak egongo dira eta saioetan parte hartzeko aurrez izena ematea eskatuko da. Higiene eta segurtasun neurriak bermatuko dira.
Bultzatzailea: Leitzako Udala
Laguntzaileak: Cederna Garalur, Aranoko Udala, Goizuetako Udala, Aresoko Udala, Lekunberriko Udala, Araizko Udala, Larraungo Udala, Beteluko Udala, Basaburuko Udala, Atetzko Udala eta Imotz.