Leitzako Itzaire Udal Haur Eskola eraberritze prozesu sakonean dago iazko ikasturtetik. Hezkuntza proiektua berritu, egungo pedagogia ildo anitzetatik bere izaera erabaki eta besteak beste, azpiegiturak egokitzen ere jardun da azken hilabeteetan bertako hezitzaile taldea.
Ondorioz, urtetan bere ikur izan den logoa zaharkituta gelditu dela begi-bistakoa da. Horregatik, lehiaketa ireki baten bidez diseinurik egokienak hautatu eta ondoren herritarren bozkaketa bidez gustukoena erabakitzeko prozesua jarri zuen martxan azaro hasieran.
Orain azken egunetan gaude: egin zure diseinua, aurkeztu Haur Eskola edo Udaletxean eta ea eskolari zure ekarpen baliotsua egiteaz gain saria eskuratzen duzun!
Informazio zehatzagorako, hona lehiaketaren oinarriak zehatz-mehatz:
ITZAIRE: LEITZAKO UDAL HAUR-ESKOLA: “ZAINTZA, ZAINTZATIK ETA ZAINTZARAKO”
1. HELBURUA.
Itzaire Udal Haur-eskola identifikatu eta ezagutzera emango duen logotipo berria sortzeko, deialdia luzatu nahi dugu. Herritarrei , parte hartzeko aukera eman nahi diegu, gure eskolako irudia izanen denera iristeko, lehiaketa prozesua abiatuz.
Lehiaketa honen xedea, etorkizunean haur-eskolaren irudia izango den sormenezko diseinua hautatzea da.
2. GURE HAUR-ESKOLAREN IZAERA.
Gure eskolak haurraren gaitasunetan sinesten du, pertsona konpetente eta oso gisa ikusiz. Haurrak hemen eta orain dituen beharrei erantzun nahi die, bakoitzaren erritmoak errespetatuz.
Begirada horrekin, haurra den bezala onartzen dugu, haurren ongizatea eta armonia helburu, autonomiarantz egiten duten prozesuan. Haurren bidelagun izateko erronka daukagu haur-eskolan.
Bidelaguntza horretan mugimendu autonomoa eta jolas librea ditugu ardatz. Naturarekin harremana ere funtsezkoa da. Bai, materialetan eta baita esperimentatzeko gune moduan ere. Itzaire udal haur-eskola herritarra da, komunitateari irekia eta haurren kultura herrira zabaltzeko bokazioa duena.
Itzaire udal haur-eskola, beraz, errespetuzkoa, euskalduna, bizia, eta zaintzailea dugu.
3. GAIA
Logoaren gaiak aurreko atalean jasotako Itzaire Haur-eskolako izaera islatu behar du.
4. PARTE HARTZAILEAK.
Lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahal izango ditu. Lana, originala eta argitaratu gabea izango da, beste lehiaketaren batean parte hartu gabea.
5. LANEN EZAUGARRI TEKNIKOAK.
5.a.) Formatoa:
– Paperean: 4 x 4 zm eta DIN A3-ko neurrietan (azalera zurrun baten gainean) aurkeztu beharko da.
– Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, bai koloretan, bai zuri-beltzean aurkeztuko da. Edozein programa erabili ahal izango da; betiere, lana edozein tamainetara egokitu badaiteke, kalitaterik galdu gabe.
5.b.) Diseinuaren zergaitiaren azalpen txiki batekin aurkeztuko da logotipoa.
5.c.) Edozein komunikazio euskarritara egokitu ahal izango da logotipoa, hau da, papera, gutun-azala (edo sobrea), txartela, kartela, zigilua, posta elektronikoa, etab.
5.d.) “Itzaire” haur eskolako izena agertu behar da logoan integratuta.
6. NOIZ ETA NON AURKEZTU.
Prozesua.
- Sareetan zabaldu den hormirudian deialdia zabaldu da. (Epemuga: azaroak 30)
- Lanen aurkezpena:
Lanak, abenduaren 1erako aurkeztu beharko dira, udaletxean, nahiz Itzaire udal haur-eskolan. Gutun-azal handi batean, alde batetik, lana sartuko da bi tamainetan eta, beste alde batetik, gutun-azal txiki batean itxita, datu pertsonalak (izen-abizena, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia) jasoko ditugu. Gerora, hautaketa prozeasuak aurrera egin ahala, euskarri digitalean eginak diren lanak, euskarri horretan ere jasoko ditugu.
- Epaimahaiak, aurkeztutako lanen artean 3 aukeratuko ditu.
- Azken aukera hauen artean, herritarrek bozkatu ahal izanen dute, sare sozial eta mugikor bidez zabalduko den galdetegi digital baten bidez.
7. EPAIMAHAIAREN OSAERA.
Epaimahia 5 lagunek osatua izango da: udaleko bi ordezkari, haur-eskolako beste bi eta haur-eskolako guraso bat.
8. BALORATZEKO IRIZPIDEAK.
- Deialdian zehaztutako oinarri guztiak betetzea.
- Eskolaren izaera ahalik eta hobekien islatu eta adieraztea.
- Formato eta tamaina guztietarako aproposa izatea, kalitaterik galdu gabe; balioanitza izatea alegia.
- Diseinuaren originaltasuna eta izaera sortzailea.
- Itxura estetiko zaindua izatea eta erakargarria izatea.
- Diseinuaren azalpen edo justifikazio idatzia.
9. SARIAK
Irabazleak 100 euroko balioa duen bono-txartela jasoko du. Txartel horrek, Leitzako Kaxkabeltza Elkarteko denda eta komertzioetan erosteko balioko du. Gainera, bertako produktuez osatutako saski ederra ere jasoko da.
Logo lehiaketako bigarren eta hirugarren sailkatuek ere honako saria jasoko dute: birentzako otordu bana Leitzako edozein jatetxetan.
Zorte on!