Urte osoko lanaren ostean, web berritua argiraratu du gaur, uztailaren 24ean, Leitzako Udalak. Aurrekoaren domeinu berean dago (www.leitza.eus) eta berrikuntza ugari dakartza. Hala ere, lan asko dago egiteko oraindik, eduki berriak sartu eta itzulpenak egiten segiko baitugu, besteak beste.
Legegintzaldi berria hasi orduko, komunikazio eta gardentasun arloan aurrera egiten jarraitu asmoz, leitza.eus web orrialdea hobetzeko apostu egin behar zela erabaki zuen udal talde berrituak.
Atal asko berrantolatu, diseinuan aldaketak egin eta lanak gero eta gehiago eta sakonagoak bilakatzen ari zirela ikusita, goitik-behera berritzeko pausoa eman da.
Besteren artean, Karrape irratia zuzenean (10:30etatik 14:00etara bitarteko ordutegian) eta saio asko edozein ordutegitan entzuteko aukera luzatu da; herritar zein bisitarientzat “Leitza ezagutu” atala asko aberastu da; urteko agenda orokor bat txertatu da edonork ohiko ekintza edo ospakizunak noiz eta nolakoak diren jakiteko aukera izan dezan; Leitzako argazki zahar eta argitalpen ugari jarri da edonoren eskura; Herri Aretoaz sarrera bat sartu da eta azpiegitura hau martxan jartzen denean bere atal berezia izango du; garraio eta bestelakoez informazio praktikoa txertatu da; udalaren zerbitzu eta gainerako zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten erakundeetara jotzeko sarbidea erraztu da eta abar luze bat.
Oraindik ideia eta proiektu asko daude garapen fasean eta besteak beste, eduki esanguratsuenen gaztelaniazko itzulpenak pixkanaka egiten ere joango gara. Dena den, lan hauek guztiek ordu asko eskatu eta epe luzera burutzekoak izanik eta, web orrialde praktiko bat etenik gabe garatzen aritu behar den tresna izan behar dela iritzita, gaur bertan, uztailaren 24ean, eman da publiko egiteko jauzia.
Azkenik esan, ideia edo ekarpenak egiteko aukera ere luzatu nahi izan zaiela herritarrei, horretarako email bat idatzi behar dutelarik hona: komunikazioa@leitza.eus.
Sartu lasai eta hasi edukien artean kuxkuxeatzen! Ziur zerbait interesgarri suertatuko zaizula!