2012an hasi zen mankomunitateko berdintasun politiken abentura instituzionala, urteetako mugimendu feministaren bultzadak lagunduta. Egun, Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoren II. Berdintasun Plana baloratu, egungo beharrak aztertu eta norabide berri bati ekiteko prest gaude. Mendialdea mankomunitatetik Berdintasun politikak kudeatzea da asmoa, baliabide pertsonal eta material gehiagorekin.
Egindako bidea ez da makala izan 4.100 biztanlez osatutako mankomunitate honentzako, eta ezinezkoa izango litzateke kaleko eta landa eremuko herritarren bultzadarik gabe, batez ere mugimendu feministarekin izandako elkarlanik gabe.
Horregatik, mila esker bide luze honetan lagun izan diren guztiei, politika feministagoak egiteko bidean zuen laguntza izan dugulako.
Esku artean duzun txostenak Leitza, Areso, Goizuetan eta Aranoko berdintasun politiken ibilbidea jasotzen du eta lau zati edo ataletan dago banatua.
Lehen zatiak “kokapena” du izena. Bertan, berdintasun politikek izan duten norabidea ulertzeko lehenik mugimendu feministaren eta lau udalerrien artean egindako ibilbidearen laburpena jasotzen da. Berdintasun politiken marko arautzaileak eta txostena egiteko erabilitako metodologiaren inguruko azalpen bat aurkituko duzu lehen atalaren bigarren eta hirugarren azpi-ataletan. Azkenik, lau herrietako hainbat biztanlek berdintasun gaien inguruan dituzten iritziak jaso ditugu laugarren azpiatalean.
Txostenaren bigarren zatian 2018-2023 bitarteko iraunaldia izan duen II. Berdintasun Planaren ebaluazioa aurkituko dituzu. Atal hau Planaren deskribapen batekin hasten da, eta ondoren Planak jasotzen zituen ekintzen betetze-maila eta balorazio kualitatiboa ere bildu dira bertan. Azkenik, II. Planaren baloraziotik ateratako ikaspenak zerrendatzen dira 10 puntutan, hurrengo Planerako kontuan hartzeko modukoak.
Hirugarren zatian Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko emakume eta gizonen berdintasunari buruzko egoera aztertu da, zenbait datu eta elkarrizketetan oinarrituta. Hirugarren atalak sei azpiatal ditu: biztanleriaren inguruko datuak, genero-arrakalak ekonomian, zaintzarako aukerak eta beharrak, emakume era gizonen presentzia bizitza publikoan, emakumeen aurkako indarkeria matxista eta genero-ikuspegia tokiko administrazioan.
Azken zatian, laugarren atalean alegia, txostenaren ondorio nagusiak atera dira 11 erronketan banatuta.
Egindako bidea balioan jarri eta ikaspenak atera ahal izateko ondorengo orrietan jasotako informazioa biltzeak merezi izan du. Baina aurrera begira erronka handiak geratzen dira irekita oraindik. Balio beza hausnarketak bide-orri berriari ekiteko.