Eskola bidean Tibur otsoarekin ipuina Leitzako Udalak duen mugikortasunaren aldeko lanketa zabalaren pausoetako bat da. Mugikortasunaren esparru zabalaren barruan kokatzen da, besteak beste, oinezkoen irisgarritasun eta segurtasuna eta hamaika dira Leitzako Udalak esparru honetan dagoeneko hausnartu eta eginak dituen lanak.
Azkenaldian Itzaire Haur Eskola zein Erleta eskola sarreretan auto pilaketa handi samarrak izaten dira seme-alabak eskolara autoz eramateko joera handitu baita. Portaera berri honek errepideetan arazoak sortzeaz gain, oinezkoentzat arriskua biderkatzen du eta honi irtenbide bat ematea beharrezkoa da. Hori dela eta, eta biak ala biak herrigunean bertan ditugunez gure herriak seme-alabak eskolara oinez eramateko ematen digun aukera dela eta, gure haur eta gazteak eskolara oinez joatera bultzatzeko lana da Eskola bidean Tibur otsoarekin ipuina. Hau da, haur eta gazteak eskolara oinez joatearen onurez jabetu eta horretara animatu eta gurasoak eskola bidea bide segurua dela kontzientziatuz haien seme-alabak horretara bideratzeko asmoz sortutako ipuina da.
Eskola bidean Tibur otsoarekin ipuina partaidetzan sortua izan da. Ideia bera Leitzako Udaletik sortua bada ere, ipuinaren istorioa eta otsoaren izena bera Erleta eskolako ikasleek idatzi eta aukeratua izan da eta irudiak, berriz, Erleta eskolako ikasle baten aita eta herritar Unai Ruizek eginak.
Proiektu xume honekin, herrian barrena eskolara bide seguruak markatuko dituzten ikur eta irudiak jarriko dira besteak beste, ea horrela pixkanaka gaiaren inguruko kontzientzia hartzen joan eta Leitza oinezkoen herri egiteko pausoak ematen ditugun guztion artean.
Ipuina deskargagarri dago web orri honetako argitalpenen atalean, hemen bertan, hain zuzen ere.