Leitzan Energia Berriztagarrien Komunitate (EBK) berri bat sortzeko lanetan dabil herritar talde bat, Leitzako Udalaren eta Goiener kooperatibaren bultzadaz lagundurik.
EBKn, herriko pertsona eta erakundeak, publikoak zein pribatuak elkartuz, energia arloan zerikusia duen edozein jardueratan lankidetzan aritzeko asmoz sortu nahi da, bertako kideei edo tokiko komunitateari zerbitzuak edo bestelako onura sozioekonomiko eta ingurumenarekin lotuak eskaintzeko, burujabetza energetikoa lortzeko bidean.
Herrian dauden baliabide energetikoak aztertu, beharrak identifikatu eta epe motz, ertain eta luzeko helburuak finkatzeko asmoa dago. Horretarako, maiatzaren 6an, 19:00etan, Leitzako Herri Aretoan, aurkezpen irekia egin zuten, eta geroztik edonork du hausnarketa prozesuan, EBKren sorreran eta aurrerantzean garatuko diren proiektuetan parte hartzeko aukera.
Honela, gauzatu nahi den lehen proiektua udal kiroldegian instalatuko den autokontsumo fotovoltaiko partekatua izanen da. Bertan sortuko den energia Udal eraikinen eta parte hartu nahi duen edozein herritarren edo enpresen artean kontsumitzeko aukera izanen da.
Informazio xehea nahi duenak haien webgunera jo dezake: