NAFARROAKO GOBERNUAK PLAZAOLAKO GELTOKI ZAHARREKO LURSAILA LEITZAKO UDALARI LAGATZEA ONARTU DU.
Ekonomia eta Ogasun Saileko Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak ebazpen bat eman du, Leitzako Udalari Plazaolako geltoki zaharreko partzelaren erabilera 99 urterako lagatzeko, bertan dituen eraikin nagusiarekin eta duela gutxi zaharberritutako biltegiarekin batera.
Era honetan, Nafarroako Gobernuak onartu egin du Leitzako Udalak 2019ko ekainean egin zuen eskaera bat, Gobernuko hainbat Departamentuekin eta Plazaola Partzuergo Turistikoarekin bilerak eta harremanak izan ondoren. Udalaren eskaera hori ez zen gauza berria -modu ofizialean aurkeztutako aurreko eskaera 2006koa da-. Izan ere, Plazaolako bide berdea turismo-baliabide garrantzitsutzat eta lurralde osoa saretzeko elementutzat hartu da hasieratik, eta eremu hori garrantzitsua da inguruko bizilagunentzat, nahiz eta bisitarientzat. Horregatik, Leitzako Udalak hainbatetan eskatu dio Nafarroako Gobernuari lurzati hori lagatzeko, bere eraikinekin batera, bide berdearen potentziala eta geltoki zaharraren ingurune pribilegiatua aprobetxatzeko; izan ere, duela ia 70 urtetik ez da erabiltzen, trenbide zaharrak bere jarduera utzi zuenetik.
1914ko urtarrilaren 19an inauguratu zen ofizialki Plazaolako bidaiarien trena. Horrela, meategietatik ateratako burdina Andoaineraino garraiatzen zuen antzinako meatze-trena, Donostia eta Iruñea lotuko zituen merkantzien eta bidaiarien trena bihurtu zen, tunel eta zubiz betetako linea bihurgunetsu bat sortuz, eta horrek nabarmen bultzatu zuen bizimodua zeharkatzen zituen herrietan. Mantenua beti izan zen zaila, bidearen egituragatik eta inguruko meteorologia euritsuagatik; hala, 1953ko urriko uholdeek hainbat zubi eta bide-zati eraman zituzten aurretik, eta trenbide-trazadura erabilerarik gabe utzi zen, ezin baitzitzaien aurre egin berriro martxan jartzeko beharrezko ziren inbertsioei. Handik gutxira, trazadura desegin zen, eta bideko materiala eta lurrak enkantean jarri ziren.
Joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren amaieran, Plazaolako trenaren antzinako ibilbidea berreskuratzeko bideragarritasunari buruzko lehen azterlanak hasi ziren. Iruñea eta Donostia lotzen zituen bide hori 1991n berreskuratzeko bidean jarri zen, Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Eraginaren Plan Sektoriala onartu zuenean, bidea onura publikokoa eta interes sozialekoa zela deklaratu zuenean. Horrela, 1995ean jabe pribatuen esku zeuden lursailak desjabetzeko espedientearekin hasi zen Nafarroako Gobernua, eta horrek geroago Lekunberriko geltokia birgaitzea ahalbidetu zuen, Bisitarien Zentro bihurtuz, 1998an inauguratu zelarik. Partzela hori Nafarroako Gobernuak laga zion herri horretako Udalari, Leitzakoarekin orain egin duen bezala.
Leitzako geltokiko eraikin nagusia, desjabetzearen ondoren Nafarroako Gobernuaren esku geratu zena, egoera kaxkarrean zegoen eta, 2008an Turismo Departamentuak eraikinaren kanpoaldea eta teilatua egokitu zituen, etorkizunerako bigarren fase bat utzi zuelarik, non barnealdea egokitzea aurreikusten zen.
Hamar urte geroago, 2018an, Nafarroako Gobernuak biltegiaren eraikin zaharra ere zaharberritu zuen, EDERBIDEA mugaz gaindiko proiektuari esker.
Hori baino lehen, 2016ko abenduan, Nafarroako Gobernuak enpresa plana eta proiektu baten proposamen bat landu zituen Leitzako Plazaolako geltoki zaharreko partzela eta haren eraikinak garatzeko, betiere turismoaren garapenerako xedearekin. Plan horren arabera, eraikin nagusian kafetegia, tokiko produktuen saltokia eta aterpetxe bat aurreikusten dira; biltegi zaharrean aldiz, bizikletak alokatzeko gunea, komun publikoak eta erabilera anitzeko gela bat. Plan hori Leitzako Turismo Mahaian eztabaidatu eta partekatu zen, Leitzako Udalak hilabete batzuk lehenago sortu zuen partaidetza-foroan hain zuzen ere. Bertan, turismo arloko ordezkariek, herriko eragile eta elkarteek, norbanakoak eta Plazaola Partzuergo Turistikoko ordezkari batek parte hartu zuten, udalaren ordezkariekin batera. Leitzako Turismo Mahaiak hainbat ekarpen egin zituen, eta Nafarroako Gobernuaren enpresa planean txertatu ziren.
Nafarroako Gobernuaren lagapen-ebazpenak ezartzen duenez, Leitzako Udalak lurzatia eta haren eraikinak, enpresa planean ezarritako helburuetara bideratu beharko ditu, edo plan horrekin bateragarriak diren beste erabilera turistiko batzuetara.
Leitzako Udalak 9 urteko epea du erabilera horiek martxan jartzeko geratzen diren inbertsioak egiteko, Ebazpenak berak xedatzen duenaren arabera. Inbertsio horien barruan sartzen dira eraikinen barrualdeak, instalazioak eta ekipamendua egokitzea eta kanpoko lurzatia egokitzea. Aurreikuspenen arabera, egiteke dauden inbertsioak 800.000 euro ingurukoak izango dira.
Azkenik, ebazpen hori baliozkoa izan dadin, Leitzako Udalak bi hilabeteko epean onartu beharko du Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez. Erabaki hori maiatzaren 25eko ohiko osoko bilkuran hartzea aurreikusten da.
Prentsa oharra gaztelaniaz irakurtzeko sakatu hemen: nota de prensa en castellano