COVID-19 kasuen gorakada kezkagarriaren ondorioz eta honek biztanlerian izan duen hedapen anitza ikusita, datorren larunbatean eta igandean behaketa orokor bat egingo da Leitzan, 15 urtetik gorako biztanle guztiei PCR probak eginez, gutxi gorabehera 2.500 laguni. Izan ere, positibo asko erregistratu dira, eta horiek adin eta ezaugarri askotako pertsonen artean gertatu dira. Aipatutako behaketa orokorraz gain, Nafarroako Gobernuak Leitzarako neurri zehatzak ezartzea erabaki du, honekin batera doan Foru Aginduaren bidez.
Egoera ikusita, eskura ditugun giza baliabide eta baliabide material guztiak jarri ditugu Nafarroako Gobernuaren esku, elkarrekin egoera hau ahalik eta azkarren konpondu ahal izateko.
COVID-19ak eragindako pandemia martxoan hasi zenetik, Leitzako herritarrok eta ordezkariok arduraz eta elkartasunez jokatu dugu. Honela, itxialdian hasita, ekimen ugari jarri da martxan: Herritarren Laguntza Sarea, Baserritik Etxera ekimena, baserrietako produktuak etxeetara eramateko, suhiltzaile boluntarioek hainbat laguntza eman dituzte eta desinfekzio lanetan aritu dira, irratsaio libreak, bideoak, eta abar.
Itxialditik kanpo ere, ardura nagusi izan da orokorrean gure herrian. Honela, udan zehar ere, gustuko ez diren hainbat erabaki hartu behar izan zituen Udalak, hala nola, San Juan bezperako jaia eta herriko jaiak bertan behera uztea eta udako igerilekua ez irekitzea. Horretaz gain, parke eta kaleetako desinfekzioekin jarraitu dugu, zerbitzu publikoetan langileentzat eta herritarrentzat neurri zorrotzak jarraitu ditugu, eta Udalaren komunikazio kanaletatik herritarrak momentu oro informatzen aritu gara, egon diren aldaketak nahiz Osasun Etxeko oharrak eta irizpideak zabalduz.
Guzti hori horrela izanda ere, koronabirusak Leitza gogor jo du azken asteotan. Kasuak ugaritzen hasi zirenetik, Udalak Nafarroako Gobernuko osasun agintariekin eta herriko Osasun Etxeko profesionalekin harreman estua izan du, egoeraren jarraipena eginez.
Honela, Leitzako Udalak ere zenbait neurri hartu ditu jada, honakoak besteak beste: kiroldegian taldeko kirolak ez dira eskainiko; hamabostaldi honetarako antolatuak zeuden ekitaldiak bertan behera utzi ditu; parkeetan, plazan eta eremu publikoetan 18 pertsonako gehienezko edukierak ezarri ditu; eta udaletxeko zerbitzu guztietan zerbitzu presentziala mantentzen bada ere, aurretik eskatutako hitzordu bidez eskainiko da soilik.
Bukatzeko, eta nahiz eta hasieratik arduraz eta neurri zehatz eta zorrotzez jokatu dugun, ez dugu ahaztu behar pandemia ez dela oraindik amaitu, eta bizitzen ari garen momentu konplikatu hau horren erakusle dela. Beraz, aipatutako neurri guztiez gain, Leitzako herritarrei deia egiten diegu arduraz jokatzen jarraitzeko eta osasun agintariek ezartzen dituzten neurriak zorrotz betetzeko.
INFORMAZIO GEHIAGORAKO:
Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarkia
Erran.eus tokiko hedabideko artikulua
OHARRA: atxikitako irudietan bilduta dituzue, egun hauetan zehar, Leitzako Udalak informazioa eskuratu ahala, herritarrei helarazi dizkien zenbait jakinarazpen eta mezu, besteak beste.