Beheko irudietan jasota daude Leitzan ditugun autobus ordutegiak, orokorrean eta Covid-19 garaian. Gobernuak zerbitzu hauek ugaritu ditzan Leitzako Udalak lanean dihardu aspaldian; baita egungo osasun krisi egoerako zerbitzu murriztuagatik kexa formala aurkeztu ere.
Jakina da Leitzan autobus zerbitzuen maiztasunak ez duela aukera askorik uzten garraio publiko bidez egunerokotasunean moldatzeko. Herriaren kokapena eta biztanleria kontuan izanik, jakin badakigu ez dela erraza zerbitzu hau modu eraginkor eta praktikoan antolatzea. Baina herritarrok badakigu ere, orain arte izan dugun zerbitzuarekin norberaren ibilgailurik gabe oso zaila dela egunerokotasunean moldatzea.
Gai honek duen garrantziaz jakitun, Leitzako Udala aspaldian ari da Nafarroako Garraio Zuzendaritza Nagusiarekin herriak duen garraio zerbitzu publikoa indartzea eskatu eta hau hobetzeko bere esku dagoen guztia egiten.
Hala ere, Covid-19aren ondoriozko testuinguruan autobusen maiztasuna eta bidaia aukerak murriztu egin dira, besteak beste, larunbatetako batzuk desagertuz. Hori gutxi balitz, Leizaran konpainiak aldaketaren berri eman die erabiltzaileei, zegokion geltokian kartelak jarriz, baina ez da hala izan Alsaren kasuan, eta horrek nahasmena eta erabiltzaileek Udalean kexak aurkeztea eragin du.
Ondorioz, Leitzako Udalak bere ezinegona adierazi dio Nafarroako Garraio Zuzendaritza Nagusiari garraio publikoko zerbitzuen maiztasun-murrizketa agindu izanagatik, kexa formala aurkeztu du, eta egoera lehenbailehen aldatzeko pausoak emango dituela espero du.