Aurreko aste osoan zehar, Basakabitik Aizango antenara doan bidea moldatu dute hainbat herritarrek auzolanean, Udalak baliabidez lagunduta. Nafar Gobernuari azken hamarkadan behin eta berriz eskatu zaion mantenu lana, azkenean leitzarren eskutik iritsi behar izan da.
Aurreko astean zehar auzolanean Aizango antenarako bidea moldatu dute hainbat herritarrek.
Leitzako Udalak agirietan jasoa duenez, Nafar Gobernuak 1986an egin zuen azken asfaltatzea Basakabiko kaxkotik Baztarrolaraino daraman 2-3 kilometro inguru izango dituen pista honetan; geroztik ordea, ez da inolako mantenu lanik aurrera eraman.
2008ko martxoaren 25ean urate handiak egon ziren eta bide hori asko hondatu zen. Urak ihesbide egokirik aurkitu ez duen unetik, bidean zulo eta zartadurak gero eta ugari eta sakonagoak egin dira azken urte hauetan, antenara ibilgailuz igotzeko aukera izugarri mugatzeraino.
Larreen erabiltzaile, abeltzain, ehiztari eta mendizale askok izaten dute hara igotzeko behar edo nahia eta, bertara iristeko arazoez jakitun, legegintzaldi guztietan eta behin baino gehiagotan eskatu dio Leitzako Udalak Nafar Gobernuari bere ardurapeko pista hori moldatzeko, jakina denez, inolako arrakastarik izan gabe.
Azkenean, erabiltzaile horietako batzuen ekimenez eta Leitzako Udalak makineria eta materiala eskainiz iritsi dira konponketa horiek, astebeteko etengabeko lana eta hainbaten borondate ezinhobea direla bide.
Buruturiko lanen artean, inguruko zuhaitzen adar arriskutsuenen mozketa, areka (edo kuneta) garbiketa, lur eta bestelako gaiez ia guztiz itxita zeuden estolda-zulo (edo alkantarila) eta ubide askoren hustuketa, “todouno” deritzon materialaz errepideko zuloak betetzea eta, bidea berdindu edo mailan jartzeko material honen zapaltze lanak egin dira, besteak beste. Aipagarri da gainera larunbatean jende sail polita bildu zela, asteburua izaki.
Orain Udalak, Nafar Gobernuari lan hauei bukaera egokiena emateko asfalto geruza bat bota diezaion eskatuko dio.
Azken lan hori burutu ala ez, argi gelditu da, beste behin ere, Leitzako herritarren ekimen eta auzolanerako prestutasunaren garrantzia. Inguru paregabea dugu; jarrai dezagun elkarlanean horri denon artean euts diezaiogun.
ESKERRIK ASKO leitzar guztien izenean, auzolan honetan, eta beste hainbatetan, modu batera zein bestera parte hartu duzuen guztiei!
#DenokEgitenDuguLeitza