Ekainaren bukaeran kanpainari ekin, bono-txartelak karrapean saldu eta uztailaren 1etik abuztuaren 10era bertako dendetan erabiltzeko aukera dago. Kaxkabeltza merkatarien elkartea eta Leitzako Udalaren elkarlanetik sortutako ekimenak, erantzun oso baikorra izan du herritarren artean.
Covid-19ak eragindako osasun krisiak eragin handia izan du gure gizarteko arlo guztietan eta horietako bat, besteak beste, denda eta komertzio txikiena izan da. Gaiarekin arduratuta, Leitzako Udala eta Kaxkabeltza Elkarteak bilera batzuek burutu eta bono-txartelak ateratzeko ekimena prestatu zuten.
Ondorioz, ekainaren 22tik 26ra, boluntarioen bidez txandak antolatuta, herrian kontsumitzeko 500 bono-txartel jarri ziren salgai plazako karrapean. Esperotako epean 480 saldu eta hurrengo asterako gainerakoek ere aurkitu zuten jaberik.
Bono horiekin, 20 euro ordaindu eta 30 euroko balioa eskura zitekeen, Leitzako Kaxkabeltza Elkarteko edozein dendatan erabiltzeko.
Kanpaina honen parte diren komertzio txiki horiek guztiek, ikurra atean jarria dute dagoeneko (ikus argazkia) eta baita Kaxkabeltza Elkarteak zabaldu berri duen zerrendan agertu ere.
Leitzako herria bizirik mantentze aldera ekimen ugari egin izan da, baita bertakoa auspotu eta kontsumo arduratsua bultzatzeko ere. Bide honetan, asko dago egiteko baina aukera dagoenean herritarren erantzuna ezinbestekoa da.
Horregatik, arduraz jokatzen jarrai dezagun, arduraz kontsumitu dezagun. Leitza herri bizia!