Zine zaharretik, Leitzako Herri Aretora

ZINEAREN SORRERA 

Leitzako zinea herri ekimenetik sortutako proiektu bat izan zen. 1956. urtera arte eliza-ganbarako zati bat erabiltzen zen kultura sorkuntza eta emanaldietarako. Herritar batzuek, lokal hori herriko beharrei erantzuteko nahikoa ez zela eta, Udalari eskaera egin zioten zine bat eraikitzeko eta ardura beraren gain har zezan. 

Urte horretako otsailean bertan egin zen batzar batean, Udalak proiektua onartu eta zinea eraikitzeko kudeaketei bide eman zien. 1957an onartu zen aurrekontu berezi bat zinearen eraikuntza aurrera eramateko (lurraren erosketa eta obrak egiteko). 1964an berriz ere obrak egin ziren, eraikina handitzeko. Orduan parrokiak zinearen eskriturak egin zituen eta zinearen eraikina bere izenean jarri zuen. 

1988. urtean, Leitzako Udalak berriz erosi zuen zinearen eraikina eta zenbait hobekuntza egin zituen bertan. Hamar urte beranduago, 1998. urtean, eserlekuak aldatu eta Iturrama zinematik ekarritako bigarren eskuko butaka urdinak jarri ziren (oilategian eserleku zaharrak mantendu ziren), eta proiektore berri bat jarri zen.

Herriak, beraz, bi aldiz ordaindu behar izan zuen eraikina, ez alferrik, ordea.

ZINE ZAHARRAREN ERABILERA 

Zine zaharrean kultur ekintza ugari eskaini da: bertso saioak, antzezlanak, kontzertuak, lehiaketak, langile batzarrak… Eta noski, film emanaldiak. 

Puntu honetara iritsita, ezin utzi aipatu gabe Maria Uriarte eta Juan Luis Aranburu. Urte askoan, hutsik egin gabe, filmak proiektatzeko ardura hartu baitzuten. Artisau-lana zen egiten zutena. Dakigun moduan, zine zaharrean ez zegoen proiektore digitalik, eta filmak bobinetan iristen ziren: ohiko iraupenekoak sei edo zazpi bobinatan, eta film luzeak bederatzitan. Filmak eskuz muntatu behar izaten ziren, eta proiekzio gelaren ondoko gelaxka batean, tailer moduko batean, majina bat ordu sartu zituzten prestaketa lan horietan. 

Apiriletik azaroa bitarte eskaintzen zituzten film emanaldiak eta modu horretan emandako azkena 2016ko azaroaren 13an eman zen, “Más allá de las montañas” izenekoa. Publikoarentzat, nolanahi ere, zine zaharreko ateak azken aldiz 2018ko pestetan zabaldu ziren, abuztuaren 13ko bertso saioan, hain zuzen ere. Bertan, Maialen Lujanbio, Julio Soto edota Illarregi senideak aritu ziren, besteak beste. 

ZINE ZAHARRAREN GABEZIAK 

Urteen poderioz, zinea zahartu eta gainbeheran erori zen nabarmen. Azken urteetan eraikinak gabezia larriak zituen eta lege-urraketa egoeran zegoen: suteen babeserako eta larrialdietarako neurriak ez zituen betetzen, irisgarritasun gabezia nabarmenak zituen, teilatuaren egoera kaxkarrarengatik itogin haundiak zeuden, isolamendu txarra, ekipamendua zaharkitua geratu zen eta ia ezinezkoa suertatzen zen garaiko filmak eta ikuskizunak eskaintzea… 

Guzti hori zela eta, eraikinak ez zuen (eta ezin zuen izan) jarduera baimenik, bertan hainbat ekitaldi antolatzen baziren ere. Zorionez, inoiz ez zen ezbehar larririk gertatu, baina argi dagoena da eraikinak ez zituela gutxieneko baldintzak betetzen, eta arrisku hori ekidin beharra zegoela. 

60 URTE GEROAGO, EKIMEN BERRI BAT 

Herritar talde batek zinea egiteko eskaera egin zuenetik 60 urte igaro ondoren, Leitzako Udalak, herriko eragile eta jendartearen ufadaz lagundurik, proiektu berri bati ekin zion. 

Izan ere, 2016. urtean, Nafarroa osoan, gure tamainako herrien artean, Leitza bakarra baitzen baldintza egokietan zegoen proiekzio gela, kultur-etxe edota espazio eszenikorik ez zuena. 

Herritarrekin eta eragileekin batera hainbat lanketa egin ziren: herripaperak buzoietan banatu, batzarrak, komunikabideetan agerraldiak, auzolanean ere bideo bat egin zen, eta kanpaina guzti horri amaiera emateko, Leitzan egin den sinadura bilketa handienetariko bat gauzatu zen, 16 urtetik gorako 1.445 lagunek sinatu zutelarik egitasmo berri honen alde. 

Leitzako zinea, azken urtean

Babes guzti hori lortuta, udal ordezkariek Nafarroako Gobernuan eta Parlamentuan finantzaketa eske hainbat bilera egin zituzten. Horretaz gain, administrazio ezberdinek egindako diru-laguntza deialdietan parte hartu zuen Udalak. 

Baita lortu ere: Parlamentuak aurrekontuetan onartutako partida berezi batzuen bidez, Nafarroako Gobernuak bi urtetan, guztira, 775.000 euroko diru-laguntza eman zion Leitzako Udalari. Horretaz gain, beste diru-laguntza deialdi batzuen bidez, 125.000 euro gehiago lortu ziren (horietatik 100.000 euro Europako Batasunetik). 

Proiektuak, guztira, 1.300.000 euroko aurrekontua izanik, ia % 70a diru-laguntzen bidez osatzea lortu zen, beraz (900.000 euro). 

Beharrezkoa zen finantzaketa lortuta, proiektu berriari ekiteko prest zegoen Leitzako Udala. 

LEITZAKO HERRI ARETOA 

Zine zaharra eraberritzea baino gehiago da Leitzako Herri Aretoaren proiektua. 

Leitzako Herri Aretoa, obraren azken fasean

Leitza herri bizi-bizia da eta sorkuntza mota ezberdinei bide emateko erabilera anitzeko areto bat egitea izan da helburua. Hori horrela izan dadin, gakoetako bat grada mugikorretan dago. Modu mekaniko eta erraz batean eserlekuak atera eta sartu ahalko direnez, espazio berean erabilera ezberdinetara egokitu ahalko den areto zabal bat izanen du herriak. 

Hautapen publikoan aukeratutako izenak dioen moduan, aretoa herriarena eta herriarentzako dela nabarmendu nahi da. Horrenbestez, eraikin honen izaera publikoa dela eta, herriko eragile eta herritar guztien erabilerarako eskuragarri egotea nahi da, laster onartuko den erabilera ordenantzaren bidez araututa. 

Leitzako Herri Aretoak, sortzaileentzako eskuragarri egonen den espazio publikoa izateaz gain, eskaintza propioa ere izango du. Udalak deialdi publiko bidez kontratatuko duen kultur teknikariak programazio propioa garatzeko ardura izanen du eta Nafarroako Antzerki Sarean sartzeko eskaera bideratuko da (orain arte Leitzak ez zituen bertan egoteko baldintzak betetzen). 

Honetaz gain, kongresuak, dantza ikastaroak, erakusketak, antzerki tailerrak, eta abar antolatzeko eraikina izanen da, ekipamendu aldetik guztiz egokitua egonen dena. 

Aipatzekoa ere da efizientzia energetiko aldetik egindako apustua. Geotermiaz baliaturik eta isolamenduan egin den inbertsioari esker, eraikinak efizientzia energetikoan hobekuntza handia eginen du. Alegia, kontsumo baxuagoarekin, lehen baino erosoago egon ahalko da bertan. 

Lanak 2018. urteko irailean hasi ziren eta jada bukatuta badaude ere, COVID-19ak sortutako pandemiak inaugurazioa eta irekiera atzeratu ditu. Datozen hilabeteetan, baldintzak hobetzen direnean, martxan jarriko da proiektu berri hau.

Menú