Sede electrónica

Zer da?

Leitzako udalak duen egoitza elektronikoa herritarrentzako informazioa eta tramiteak eskuratzeko gune segurua da, eta informazioaren eta zerbitzuen osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen ditu.

Egoitza elektroniko bat, nolabait, Interneten herritarren eskura dagoen webgune bat da.

Horren bidez, herritarrek eta enpresek Udaleko informazioa eta zerbitzu eta izapide elektronikoak eskura ditzakete, edozein unetan eta denbora aurreztuz.

Herritarrek administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eta komunikatzeko duten eskubideak berekin dakar administrazio-egoitza elektroniko bat argi eta garbi definitu beharra, herritarrek informazioa eta administrazio titularraren zerbitzuak eskura izan ditzaten, aurrez aurre egingo balu bezalako bermeekin.

Araudia

Egoitza elektronikoari buruzko araudia honakoa da:

  • 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena
  • 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

Egoitza elektronikoaren atalak eta bertan egin daitezkeen tramiteak

Egoitza elektronikoaren orri nagusia

Leitzako Udaleko egoitza elektronikoan hurrengo atalak bereiz daitezke:

  • Izapideen katalogoa: Udalarekin egin daitezkeen tramiteei buruzko informazioa eta eskaera ereduak jasotzen dira atal honetan. Tramite bakoitzaren barruan hiru atal bereizten dira: informazioa, eskaera eredua deskargatzeko aukera eta tramitea elektronikoki egiteko aukera. 
  • Nire karpeta elektronikoa: Atal honetan herritarrak udalarekin hasita dituen tramiteak kontsulta ditzake. Bost atal bereizten dira:
    • Postontzi elektronikoa: Udalak bidalitako jakinarazpen edo komunikazioak jaso daitezke postontzi elektronikotik. Udalari korreo elektroniko bat erraztuz gero, jakinarazpena edo komunikazioa postontzi elektronikora joaten denean, abisu bat iritsiko da korreo elektronikora. 
    • Nire espedienteak: Herritarrak Udalean dituen espedienteak kontsultatu ditzake atal honetan. Espedientea zein egoeran dagoen ikus daiteke baita espedienteko zenbait dokumentu kontsultatu ere.  
    • Aurkeztutako erregistroak: Herritarrak Udalean aurkeztutako erregistro guztiak kontsulta ditzake atal honen bitartez. 
    • Sinadura-eramailea: Udalak herritarrari dokumenturen bat sinatzeko bidali badio atal honetara jo beharko du dokumentua sinatzera.
    • Nire datuak: Norberaren datuak kontsultatu daitezke.
  • Zerbitzu elektronikoa: Bertan biltzen diren ataletatik bi dira aipagarrienak:
    • Gardentasun ataria: Administrazio Publikoei informazio publiko jakin bat etengabe argitaratzeko betebeharra ezartzen die legeak, publizitate aktiboa deritzona. Leitzako Udalak publizitate aktibo hori argitaratzeko erabiltzen duen tresna  da gardentasun ataria. Bertan Udalak publikatzen duen informazioa  kontsultatzeko aukera egongo da, besteak beste, batzarretako aktak, aurrekontuak, ordenantzak… Pixkanaka atal hau edukiz osatzen joanen da. 
    • Dokumentuak balidatu: Leitzako Udalak sortutako dokumentu elektroniko baten paperezko kopia bat jaso duen edozein pertsona fisikok edo juridikok dokumentu horren baliozkotasuna eta egiazkotasuna egiazta dezake atal honetan. Horretarako, Egiaztapen Kode Segurua (EKS) sartu behar du soilik, dokumentuaren eskuineko aldean dagoena, eta horrela, jatorrizko dokumentu elektronikoan sartu ahalko da .Jatorrizko dokumentu elektronikoan sartzen den unean, dokumentuaren edukia parekatu ahalko du eta sinaduren egiazkotasuna egiaztatu ahalko du. 
  • Iragarki taula: Bertan udalak hartutako eta jendaurrean egon beharreko erabakiak publikatzen dira, edozein herritarrek kontsultatu ahal izateko. Karrapean dagoen iragarki taulak betetzen duen funtzio bere betetzen du. 
  • Intereseko estekak.

Nola identifikatu daiteke erabiltzaile bat baliabide hau erabiltzeko?

Gardentasun ataria edo iragarki taula ikusteko, ez da inolako identifikazio sistemarik behar eta edonork kontsulta dezake.

Izapide elektroniko bat egiteko edota karpeta elektronikoan dauden atalak ikusi ahal izateko aldiz, jarraian zehazten den identifikazio sistema erabili beharko da:

Cl@ve herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa bateratzera eta sinplifikatzera bideratutako sistema da. Helburu nagusia da herritarrak Administrazioaren aurrean identifikatu ahal izatea gako hitzartuen bidez (erabiltzailea gehi pasahitza), zerbitzuetara sartzeko gako desberdinak gogoratu behar izan gabe.

Cl@ve-k, NANaren eta ziurtagiri elektronikoaren bidezko egungo sarbide-sistemak osatzen ditu, eta aukera ematen du sinadura egiteko hodeian, urruneko zerbitzarietan zaindutako ziurtagiri pertsonalekin.

Plataforma komun bat da identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako, sistema elkarreragile eta horizontal bat, administrazio publikoek beren identifikazio- eta sinadura-sistemak inplementatu eta kudeatu behar izatea saihesten duena, eta herritarrek identifikazio-metodo desberdinak erabili behar izatea administrazioarekin elektronikoki harremanetan jartzeko.

Cl@ve-k aukera ematen die administrazio elektronikoko aplikazioei nahi duten autentifikazioaren kalitatea bermatzeko, tratatzen dituzten datuetan eta segurtasun-sailkapenean oinarrituta, Segurtasun Eskema Nazionalaren gomendioei jarraikiz (3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasunaren Eskema Nazionala arautzen duena). Administrazio elektronikoko zerbitzuak erabiltzen dituen herritarrak, orduan, erabili nahi duen identifikatzailea aukera dezake aplikazioak eskatzen duen aseguramendu-mailarako erabilgarri daudenen artean.

Cl@ve sistema Ministroen Kontseiluak 2014ko irailaren 19an hartutako erabakiaren bidez onartu zen, eta haren erabilera-baldintzak Informazio eta Komunikazio Teknologien Zuzendaritzak zehazten ditu.

Noiztik izango da nahitaezko bide hau erabiltzea?

2020ko urriaren 2tik aurrera indarrean sartuko da erregistro elektronikoa. Bide hau erabiltzeko aukera denek izango dute, baina kontuan hartu behar da batzuentzat bide bakarra eta derrigorrezkoa izango dela. 

39/2015 Legearen 14. artikuluak Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubideak eta betebeharrak jasotzen du eta honela dio: 

  1. Pertsona fisikoek edozein unetan aukeratu ahal izango dute administrazio publikoekin komunikatzen diren, beren eskubideak eta betebeharrak bitarteko elektronikoen bidez egikaritzeko edo ez, non eta ez dauden behartuta administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzera. Edozein unetan aldatu ahal izango du pertsonak administrazio publikoekin komunikatzeko aukeratutako bidea.
  2. Nolanahi ere, administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko, administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta egongo dira, gutxienez, honako subjektu hauek:
    • A) Pertsona juridikoak.
    • B) Nortasun juridikorik gabeko erakundeak.
    • C) Elkargoko kide izatea nahitaezkoa den jarduera profesional batean dihardutenak, jarduera profesional hori gauzatzean administrazio publikoekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Nolanahi ere, kolektibo horren barruan sartuko dira notarioak eta jabetza-erregistratzaileak eta merkataritza-erregistratzaileak.
    • D) Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenak.
    • E) Administrazio publikoetako enplegatuak, enplegatu publiko izateagatik administrazio horiekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehazten duen moduan.
  3. Erregelamenduz, administrazioek haiekin harremanetan jartzeko betebeharra ezarri ahal izango dute, bitarteko elektronikoen bidez, zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen kolektibo batzuentzat, baldin eta, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo beste arrazoi batzuengatik, egiaztatuta badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela.

Beraz, 2. puntuan aipatzen direnak bai hala bai Leitzako Udalarekin harremana bitarteko elektronikoen bidez (egoitza elektronikoa) izatera behartuta egongo dira 2020ko urriaren 2tik aurrera. Hau da, Leitzako Udalari bideratutako edozein eskaera egoitza elektronikoaren bitartez egin beharko dute. Eskaera hauen erantzunak  ere, egoitza elektronikoan dagoen gutunontzira bidaliko dira eta bertara jo beharko da dokumentua deskargatzera. Ondorioz, Leitzako Udalari helbide elektroniko bat erraztea oso gomendagarria da, horrela, egoitza elektronikoan jakinarazpen bat jasotzeko dagoenean abisu bat iritsiko da Udalari erraztutako helbide elektronikora.

Gainontzeko herritarrentzat eskubide bat bezala bermatuko da. Erabiltzea gomendatzen den eskubide bat. 

Menú