Productos locales y gastronomia

Leitzako izaeraren ezaugarrien artean abeltzaintza, nekazaritza, baserri eta landa inguruak daude. Sektore horiek denak bizirik irautea nahi du Leitzako Udalak, herriko garapen iraunkorrean, biodibertsitatean, paisaiaren zaintzan, kalitatezko elikaduran… ezinbestekoak direla jakitun.

IMG-20200714-WA0009
IMG-20200714-WA0013
IMG-20200714-WA0010

Hori dela eta, Leitzako Udalak bertako produktuak eta garaian garaikoak erostea eta kontsumitzea adoretu nahi du herritarra zein bisitaria, izanen baitu non aukeratu ohituraz lantzen eta ekoizten diren gaien artean, gure gastronomiaren eta jateko ohituren ezaugarri: banabar gorriak, gazta, intxaurrak, hurrak, eztia, barazkiak, taloa, txerrikia, ardikia, behikia, sagarrak, sagardoa,…

Leitzako produktu batzuk “Baserritik etxera!” ekimenez banatuta

Modu berean, sentsibilizatu nahi du bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaren inguruan, gure elikaduraren jabe izanda, bertako nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta ekonomia iraunkorragoak izanen baitira.

Eta bide batez, Leitzaldean eta oro har Nafarroako Mendialdean elikagaien ekoizpena interes orokorretik lantzea du helburu eta gainbeheran dagoen lehen sektorea eraberritzen eta suspertzen laguntzea burujabetza eta iraunkortasun klabeetan, elikadura osasuntsua, ingurumena zaintzea, klima larrialdiari aurre egitea eta tokiko garapena indartzea oinarri duen eredu produktiboa bultzatuz.

Hori horrela, bertako produktuak eskuratu nahi dituen edonork Leitzaldeko baserrietan eta herriko komertzio eta dendetan izanen du haiek erosteko aukera, baita jatetxeetan dastatzekoa ere. Horrez gain,  larunbatetan  Leitzako eta Aresoko produktuen azoka antolatzen dute herriko plazan LeitzEKO Kontsumo Taldeak eta Leitzako Udalak, elkarlanean. 

Eta urtero, azaroko bigarren igandean ere bai, arrakasta handiz, salerosketa harremanak urte guztian izateko loturak sortuz,  bere berezitasun handiena izanik den-denak bertako edo hurbileko produktuak izaten direla.

Urteroko azoka horren helburu nagusia da modu tradizional eta osasuntsuan landutako produktuak erakusgai eta salgai jarriz herritarren inplikazioa eragitea.

“Guztion onerako kontsumitu dezagun modu arduratsuan

eta eraiki dezagun elikadura eredu osasuntsua, burujabea eta justua”.

Menú