Aurreko astean, Leitzan COVID-19aren ustezko agerraldi bat gertatu zela zabaldu zen herrian. Horren aurrean, Leitzako Udalak argibide eta ohar batzuk helarazi nahi izan zizkien herritarrei uztailaren 17an, hemen atxikita dituzuen irudietakoak hain zuzen ere. Ondoren ikusi zenez, alarma faltsu bat izan zen, egindako PCR proba guztiek negatibo eman baitzuten. Hori ere, sare sozialen bidez jakinarazi zen.
Jakinarazpen horiek honakoak izan ziren uztailaren 17ko hasierako egoera hartan:
- COVID-19aren agerraldi bat gertatu den susmoaren aurrean, Osasunbideak berehala abiatu du dagokion protokoloa, beharrezkoak diren PCR probak egiten ari da eta, emaitzaren arabera, eman beharreko urratsak eta jarraibideak zehaztuko ditu.
- Azterketa horren ondorioz herritar gehiagori ere PCR proba egin behar zaiola erabakiz gero, Osasunbidea jarriko da herritar horiekin harremanetan eta adieraziko die non, noiz eta nola egin behar duten.
- Udalak, osasun zerbitzuetatik informazio ofiziala, zehatza eta ziurra jaso bezain laster, informazio hori eta behar adina argibide helaraziko dizkie herritarrei.
Gertakizun horren inguruan erran.eus hedabidean idatzi zen albistea irakur dezakezue, hemen.
Osasun zerbitzuarekin elkarlanean aritu ostean berriz, honako mezua helarazi ziztzaien herritarrei uztailaren 19an bertan:
- Osasunbideak jakinarazi digunez, ustezko agerraldi honekin lotuta egindako PCR proba guztiek negatibo eman dute Leitzan. Beraz, oraingoz ez dago inongo agerraldirik edo broterik Leitzan.
- Osasunbideko profesionalak lanean jarraitzen dute.
- Gogoan izan, betiere, osasuna eta segurtasuna bermatzeko orain arte ezarri diren neurriak eta eman diren gomendioak zorrotz betetzen jarraitu behar dugula.
Gauzak horrela, arduraz jokatzeko eta elkar zaintzen jarraitzeko deia egiteko baliatu zuen Udalak.