Leitzak Gizarte Larrialdietarako etxebizitza bat izanen du herriko familia baten dohaintzari esker.
Leitzako Aleman familiak udalerri horretako Udalari pisu bat dohaintzan ematea erabaki du, higiezin hori gizarte larrialdietarako erabiltzeko baldintzarekin, hau da, “premia larriko kasuetan behin-behineko etxebizitza izateko, hala nola, errefuxiatuentzako, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako, etxegabetze kasuetarako, ohiko etxebizitzen erreketa edo sutsiketa kasuetarako eta abarretarako, edo bestelako gizarte edo asistentzia zerbitzuetarako”.
Honela, duela gutxi hil zen senide baten pisua, premia larrian dauden pertsonentzako eta familientzako behin-behineko konponbide gisa erabili ahalko da, orain arte Leitzan ez zegoen baliabide bat eskura jarriz.
Udalak, bere aldetik, biziki eskertu dio familiari egindako ekarpen eskuzabala eta datozen hilabeteetan Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen esku utziko du haren erabilera, hark gizarte larrialdietarako etxebizitza gisa arautu eta egoki kudeatu dezan.