Prentsa ohar bidez inguruko hedabideei helarazi zaienez, 2020ko egoera zaila izan arren, aurten ere, lortu diren diru-laguntzei esker, hainbat obra eta berrikuntza egin ahalko dira herrian.
Aurtengo aurrekontua martxoko ohiko batzarrean onartzea aurreikusten bazen ere, COVID-19ak eragindako pandemiak eta alarma egoerak behartuta, Leitzako Udalak prozedura atzeratzea erabaki zuen, krisialdi honen ondorioak aztertu eta aurreikuspenak errealitateari zuhurtziaz egokitzeko asmoz. Honenbestez, abuztuaren 4ean, Leitzako Udalaren ez-ohiko batzarrean, 2020. urteko aurrekontua hasiera batez onartu zen, aho batez.
Leitzako Udalak, 2.617.724 euroko aurrekontua onartu du eta baliabide hauekin, besteak beste, hauek dira aurten bete nahi diren helburu nagusiak:
- Udaletxeko teilatua zaharberrituko da: Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen Programaren (PIL) diru-laguntzaz burutu ahalko dira lan hauek. Leitzako Udalak Iruñeako MALDADIA S.L. enpresari esleitu dio zaharberritze lana 184.084 eurotan (BEZ kanpo). Honela, Nafarroako Gobernuak 137.000 euro bideratuko ditu eta gainerakoa Leitzako Udalaren kontu izanen da. Abuztuaren amaieran lanak hasi eta urte bukaerarako amaitzea espero da.
- Herriko plaza moldatuko da: PDR programaren diru-laguntza baliatuz, 90.000 euro inguruko inbertsioa eginen du Leitzako Udalak herriko plazan, horietatik 50.000 euro lortutako diru-laguntzatik ordainduko direlarik. Zorua berritu, paretak moldatu eta herri-kirol ezberdinak praktikatzeko markaketak egingo dira lurrean, gure ondarea eta ohiturei bultzadatxoa emateko asmoarekin.
- Tokiko garapena: lehen sektorearentzat laguntzak eta herriko dendarien ekimenak finantzatzeko diru-partidak aurreikusten dira.
- Kultura: irailetik urte amaiera arte, osasun-krisialdiak ez badu halakorik eragozten, hainbat kultur eta kirol ekitaldi antolatzea aurreikusten du Leitzako Udalak. Era berean, epe honetan Leitzako Herri Aretoa inauguratu eta honen martxa abiatzea da asmoa.
Udalaren zorpetze mailari dagokionez, urtea 700.000 euro inguruko zorrarekin amaitzea espero da. Azken urteetan obra eta proiektu mardulak gauzatu badira ere, lortu diren diru-laguntzei esker, herriaren zorpetze maila urtero txikitzen jarraitu ahal izan dugu. Datu gisa aipagarri da proiektu nagusiak finantzatzeko, kostu osoaren % 50a baino gehiagoko diru-laguntzak eskuratu direla eta, hori gutxi balitz, azken 6 urteetan Udalaren zorpetzea erdira jaistea lortuko dela, gutxi gorabehera (2014. urtean 1,3 milioi eurotik gorako zorpetzearekin amaitu zuen Leitzako Udalak).
Informazio hau guztia eta gehiago, laster, www.leitza.eus atarian eskuragarri izanen da.
Albistea erran.eus-en ere irakurgai duzue, hemen.