Leitzako Udalak onarpena eman die 2023rako aurrekontuei, hasiera batean. Hasitako hainbat proiektu amaituko dira eta datozen hilabeteetan ere inbertsioak eta hobekuntzak egingo dira udalerrian.
Leitzako Udalak hasierako onarpena eman dio 2023rako 2.960.732 euroko aurrekontuari. Hala ere, aurreikuspenen arabera, inbertsio berri bat egingo da laster aurrekontu aldaketa bidez, ur-bilketa eta goi-hornidurako hoditeria berritzeko proiektu garrantzitsua sartuko baita. Proiektu hori amaitzen ari da une honetan, eta 600.000 eurotik gorakoa izango denez, berriki onartutako aurrekontuei gehituko zaie kopuru hori.
Izan ere, Udalak datorren urtean egingo duen inbertsio nagusia altako ur-hornidurarekin lotuta dago. Ondoren, hartunea eta eroanbidea berritu ondoren, udalerriko edateko uraren hornidura-estazioa hobetzeko jarduketak egitea aurreikusten da. Jarduketa horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearen parte dira, eta % 80ko dirulaguntza dute.
Hala, Gorriztaran auzoko Gazpillo iturburuaren eta EUTEaren artean ur-bilketa eta goi hornidurako hoditeria berritzeko proiektua amaitzen ari da, eta urteko lehen hiruhilekoan aterako da lizitaziora. EUTEko jarduketei buruzko proiektua, batez ere erabat estaltzean oinarritua, jarraian egingo da.
Horrela, horniduraren eraginkortasuna hobetuko da ur-ihesak saihestuko baititu, eta edateko kalitatezko ur nahikoa epe luzerako ziurtatuko da udalerri osoarentzat. Oso gai garrantzitsua ziurgabetasunez bizi ditugun klima-aldaketa garaietan.
Baina ez da hori 2023rako aurreikusi den proiektu bakarra, legegintzaldi honetan zehar abiatu diren hainbat proiektu amaitu eta ixtea baita asmoa:
-
- MIMUKAI: Lehen seihilekoan irekiko ditu ateak MIMUKAI zentroak. Udalak 700 metro koadroko bulego batzuk erosi ondoren, eta Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmen bati esker finantzatutako egokitzapen-lanak gauzatu ondoren, MIMUKAI proiektuaren lehen fasea martxan jarriko da, hau da, hainbat funtziotarako espazioak izango dituzten bulegoak. Bulego horiek honako hauetan banatuko dira: enpresen habi bat, ekintzaileentzako eta enpresa sortu berrientzako bulego pribatuekin; coworking gune bat; prestakuntza-gela bat; hainbat bilera eta sormen-gela; Cederna Garalurren garapen agenteen bulegoak; eta garapen sozioekonomikoarekin zerikusia duten eskualdeko elkarteentzako bulegoak.
- Inguruarte: Udalak hainbat urte eman ditu herritarren parte-hartzearekin planteamenduak garatzen, proiektu jakin bat diseinatzen, dagozkion baimenak izapidetzen eta dirulaguntzak kudeatzen. Ondorioz, aurten egikarituko da Inguruartea proiektua, gaur egun egoera txarrean dagoen erreka ondoko partzela bat berreskuratu eta, kiroleko, jolaseko eta aisialdiko hainbat elementurekin egokitutako aisialdirako leku bihurtuz. Proiektuak 160.000 euroko aurrekontua du, eta hura finantzatzeko Landa Garapeneko Programaren 50.000 euroko dirulaguntza du, deialdi horren bidez lor daitekeen gehiena.
- Energia Berriztagarrien Komunitatea: Udala eta Goiener Taldea proiektuaren bultzatzaile direla, laster sortuko da Leitzeko EBK kooperatiba. Energia berriztagarrien komunitate horretan, udalerriko bazkide kontsumitzaileak, partikularrak eta enpresak, izango dira protagonista, eta erabakiak bazkide guztien arteko batzarretan hartuko dira. EBK horrek autokontsumo partekatuko instalazioak bultzatuko ditu, energia-gaiei buruzko informazioa emango du, energiaren kontsumoa murrizteari buruzko sentsibilizazioa landuko du eta, azken batean, urrats bat izango da burujabetza energetikorako bidean.
- Erdi Aroari buruzko azterlana: Iñaki Sagredo historialariak hainbat urte daramatza Udalaren enkarguz azterketa bat egiten Nafarroako erresuma zaharrak herrian zituen Erdi Aroko defentsa-dorreei buruz. Ikerketa sakon hori, gai askoren inguruan argigarri izaten ari da. Aurten bertan ezagutaraziko da eta publiko orokorrari hainbat formatutan helaraziko zaio.
- Kultura eta aisialdiari bultzada: Leitzako Herri Aretoaren kultur programazioak bere bidea egiten jarraitzen du hainbat berrikuntzekin, hala nola, kultura-bonuekin edo hainbat erakunderekin egindako lankidetzekin. Kultura eskaintza zabala eta askotarikoa eskaintzen jarraitzea da helburua, era berean edonorentzat eskuragarriago egingo delarik, bonu horiek direla bide.
- Bestalde, herriko jaien atala 100.000 eurora igo da eta, lehen aldiz, partida propio bat prestatu da jaietako sexu-erasoen aurkako protokolorako, 10.000 euro horretara bideratuz.
- Bideak hobetzea: Leitzelarrean baso-bideak hobetzen jarraitzea eta Gorriztaran auzotik Sorogaineraino doan pista konpontzez bukatzea aurreikusten da. Gainera, ibilgailuen trafikorako sarbidea arautuko da hainbat mendi eremutan, garai jakin batzuetan mugatzeko eta zenbait unetan, ibilgailuen gehiegizko joan-etorria saihesteko.
- Gizarte-larrialdietarako etxebizitza: Aleman familiak duela hilabete batzuk higiezin bat dohaintzan eman zion Leitzako Udalari, baldin eta etxebizitza hori gizarte-larrialdietarako erabiltzen bazen. Hala, premia larriko kasuetarako behin-behineko etxebizitza izanen da, hala nola errefuxiatuentzat, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat, etxegabetze kasuetarako, ohiko bizilekuan sutea pairatu dutenentzat eta gisako kasuetarako, baita bestelako gizarte zerbitzuen erabilerarako ere. Orain, Udala izapidetzen ari da higiezin hori Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari lagatzeko, hark gaitu, arautu eta egoki kudea dezan. Beraz, Leitzak laster izango du etxebizitza bat premia larrian dauden pertsona eta familientzako behin-behineko bizitoki gisa balioko duena, orain arte izan ez den baliabidea.
Guztira, 2023rako aurreikusitako inbertsioak milioi bat eurotik gorakoak izango dira, eta horietatik gehienak dirulaguntzekin finantzatuko dira, laster aurrekontuan egingo diren aldaketak kontuan hartuta.