Eskola eremuko lanak, mendietako bideetako berrikuntzak eta Mimukai zentroa tarteko, milioi bat eurotik gorako gastua duten inbertsioak ditu esku artean Leitzako Udalak. Inbertsioen % 60 Nafarroako Gobernuak ordainduko du; gainerakoa Udalak berak.
Eskola eremuko lanak
Uztailean hasi ziren eskolako estalpe berria eraikitzen, eta Mikel Zabaleta alkateak dioenez, «azaro bukaerarako amaitzea espero dugu». 20×38 metroko azalera izanen du eta argiztatua izanen da. 503.000 euroko gastua da eta 423.000 euro Gobernuak ordainduko ditu eta gainerakoa Udalak.
Horrekin batera, hezkuntza zentroen atariko futbol zelaiak moldatu, hainbat oztopo arkitektoniko ezabatu eta eskola atariko zorua berritu nahi ditu Udalak. 55.000 euro kostako dira eta Gobernuaren eta Udalaren artean ordainduko dituzte.
Erleta eskolako anpliazioko leihoak ere berritzen ari dira. 80.000 euro kostako dira; 53.000 euro Gobernuko dirulaguntzekin ordainduko dituzte eta gainerakoa Udalak.
Mendiko lanak
Leitzelarreko hainbat bide eta Gorriztaran auzotik, Auzmendiko pistatik, Sorogainera doan bideko moldaketak ere aurrera doaz. 45.000 euroko obrak dira eta irail hasieran bukatzekoak dituzte. Gobernuaren laguntzarekin erdia ordainduko dute eta gainerakoa Udalaren funtsekin.
Mimukai
Mimukai garapen eta transformazio zentroaren lehen fasea ere martxan da. Udalak Landa industrialdean 750 metro koadroko lokala erosi ondoren, bulegoak eta bilera gelak egiteko moldaketak hasi dituzte. «Zerbitzu berri hau datorren urterako prest egotea espero» du alkateak: «Honela, coworking zentroa, enpresa ttikientzako bulegoak, garapen agenteen bulegoak, bilera gelak, formakuntzarako gela homologatua eta eskualdeko eragile sozioekonomikoentzako bulegoak eskuragarri izanen dira». Erosketa Udalak egin zuen, 300.000 eurotan, eta moldaketa Gobernuak ordainduko du, «EH Bilduk aurrekontuetan adostu zuen 175.000 euroko partidari esker».