Abuztuaren 10etik 15era pesta nagusituko da gure herrian. Herritar zein bisitarientzat ez da egonen aspertzeko tarterik; horregatik, hemen duzue ikusgai aurtengo Plazaola Aldizkaria, EGITARAU osoarekin.
PROGRAMAREN PRESTAKETA
Nahi eta espero baino denbora gehiago pasatu da azken pesta programatik. Tartean, elkarrengandik urruntzera eraman gaituen ezusteko pandemia, bi urte eta hamaika gertakari igaro dira; baina azkenean, iritsi da Leitzako Pestak prestatu eta benetan eginen direla iragartzeko tartea! Egunerokotasunean izaten ditugun kezka eta zamak alde batera utzi, eta lagunartean zein familiarekin egun polit eta alaiak igarotzeko parada ezin hobea izanen dugu berriz ere.
Aurtengo pesten prestaketetan, urtero bezala, herritarren parte hartzeari eman zaio garrantzia. Pesta Batzordeko kideak izan dira aurten ere hilabeteetan ederki landutako programa oparoa eskaini dutenak.
Parte‐hartzea eta auzolana ikur hartuta, aurten ere programaren prestaketan batzordetik kanpoko herritarren ekarpenak jaso dira. Gure herriko Pestak herrikoiak eta aberatsak izateko bermea izanen dugu etorkizunean ere. Zoriontzekoa beraz hauen lana!
PLAZAOLA ALDIZKARIKO AZALAREN LEHIAKETA
Plazaola aldizkariko 42. zenbakiaren azalaren lehiaketan, 4 proposamen jaso dira eta irabazlea “Oin puntetan arin” izeneko lana izan da. Honen egilea Amaia Iparragirre Baleztena izan da.
Umeen kategorian berriz, lau lan aurkeztu dituzte 16 urtez azpikoek eta saria eraman duen proposamena Liher Fernandez Zubeldiarena izan da, «Buruhaundiak prest» izenburupean.
TXUPINAZOA NORK BOTA, HERRITARREN ERABAKIA
Beste alde batetik, txupinazoa nork bota herritarren esku utzi da urtero legez. Aurten bi proposamen jarri ziren mahai gainean: Leitzako Pesta Batzordea bera eta Euskal Herria Mendi Erronka (EHME), biek ala biek herritarren ordezkaritza oso zabala duten eragileak.
Uztailaren 15etik 17rako asteburuan izan bozkatzeko aukera: paperean, zuzenean, ostiral goizeko azoka garaian eta ilunabarreko pintxo-pote tartean plazan bozkatu ahal izan zen; internet bidez, aldiz, larunbat eta igande osoan zehar egon zen aurtengo txupineroa aukeratzeko galdetegia eskuragarri.
337 herritarrek parte hartu zuen bozketan, herriko biztanle guztien % 10ak baino gehiagok, eta hauen nahia aintzat harturik, Pesta Batzordeak txupinazoa bota eta Leitzeko Santiburtzio Pestak abiatzeko ohorea izanen du. EHMEko kideak ere, udaletxeko balkoira gonbidatuak izan dira noski, pestei hasiera denek elkarrekin emateko.
Txupinazoaren une kuttun honen inguruko aipamenekin amaitzeko, esan eskualdeko hainbat udaletatik eta herriko eragile bakoitzetik ordezkaritza bat ere igo ohi dela udaletxeko Batzar Areto jendetsura, pesta lagunarteko giroan abiaraziz.
GAZTE EGUNA, 13A
Lanketa guztiak bere osotasunean aitorpena merezi badu ere, aurten ere Gazte Eguna antolatzeko egin den ahalegina nabarmentzekoa da. Abuztuaren 13an, larunbatean, egingo den egun berezi honen programa herriko gazteen iritziak jasoz osatu nahi izan da, Gazte Asanbladatik hasita. Parte hartu nahi izan duten guztien artean, egitarau dotorea osatu dute.
ERASO SEXISTEN AURKAKO PROTOKOLOA
Azken urteotan, Festetako Erasoen Aurkako Mahaia (Berdintasun Zinegotzia, Berdintasun Teknikaria, Pesta Batzordea, Txozna Batzordea, Kaxkabeltza Elkartea, Sastrakak eta, pandemian eratutako Lañaidek talde feministak osaturiko eragilea), eraso sexista, arrazista, homofobo eta xenofoborik gabeko herri bat eraikitzearen aldeko lanketan jardun da.
Ondorioz, eraso sexistei aurre egiteko protokoloa berrikusi eta egokitzeko konpromisoari heldu diogu. Guztiok norabide berean, koordinatuta, urratsak zehaztuta, erantzun azkar eta bateratuak emateko asmoz, buru‐belarri aritu gara lanean.
Aurten, Puntu Morea egonen da plazan, lehen aldiz. Udalak honela, abuztuaren 10 eta 12an, 20:00etatik 01:00etara, erasoen aurrean zuzeneko asistentzia, sexu harreman seguruetarako materiala eta protokoloaren inguruko informazioa eskaini nahi ditu.
Horrez gain, prebentzioak eta sentsibilizazioak duten garrantziaz jakitun, tabernariekin hainbat bilera eta formakuntza egin dira eta material ezberdina sortu eta banatu da herrian barrena (informazio orriak, kartelak…), intentsitate ezberdineko erasoak identifikatzeko eta horiei modurik eraginkorrenean aurre egiteko norabidean.
Aurtengo gure helburuetako bat, sotilagoak diren eta ondorioz, eraso bezala identifikatzeko zailagoak diren erasoak agerian uztea da (begiradak, ezerosotasuna sor dezaketen bestelako portaerak, irainak, iruzkin iraingarriak, ukipen ez onartuak…).
Horretarako behean ageri den Whatsapp zenbakia jarriko da eskuragarri. Pesten ondoren, zerbitzu honetan jasotako datuekin irakurketa bat egin eta erantzun sozial orokorra emango da. Jakinarazpenak jasotzerakoan eta erantzun soziala ematerakoan, anonimotasuna bermatuko da.
Beraz, herritarrak zerbitzu hau erabiltzera eta Pestak denok askatasunez bizitzearen aldeko konpromisoa hartzera deitzen ditugu.
- Larrialdiak: 112
- Informazioa: 016
- Erasoen salaketa eta datu bilketarako Whatsapp zenbakia : 673 56 55 89
Eraso matxistek, arrazistek, LGTBIfobikoek, xenofoboek edo erasotzaileek, EZ DUTE LEKURIK GURE JAIETAN!
PESTETAN ERE, ERRESPETUZKO HARREMANAK GUSTATZEN ZAIZKIGU. Intentsitate ez handikoak ere, erasoak dira.
EZPATADANTZA GARAIAN, ZAINTZAILEAK ERDIGUNERA
Pestetako une nagusienetariko bat, abuztuaren 11ko eguerdian izaten den Ezpatadantza ekitaldikoa da. Udaleko ordezkariak plaza erdian esertzen dira eta, dantzariek haiei begira egiten dute dantza, jendez bete-bete eginda egon ohi den plazan irudi ikusgarriak osatuz.
Duela urte batzutik hona, Leitzako Udal Korporazioak berarekin toki berezi horretan esertzera gonbidatzen ditu urte horretan omendu nahi dituen pertsona edo kolektiboak.
Aurtengoan, pandemian lehen lerroan zaintza lanetan aritu diren profesionalak omendu nahi izan ditu eta Osasun Etxeko eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkari bana izanen dituzte alboan. Momenturik gogorrenetan gu zaintzeko dena eman duten horiek, sektore feminizatu eta askotan ikustezinak izan direla azpimarratu nahi izan da eta, modu honetan, esker ona adierazi eta ikusgarritasuna eskaini nahi izan die Udalak. Zaintzaileak erdigunera!
KOMUNIKAZIOA ERE, AUZOLANEAN
Udalak Leitzako albiste zein Pesten garapena sare sozialen bidez kontatzeko apustua egin zuen orain denbora bat. Urte batzuk badira, www.leitza.eus web orriaz gain, Facebook, Twitter eta Instagram kanalak ireki zituela sare sozialetan, herritarrak udal jardunaz informatzeko.
Azpimarratzekoa da, azken urte honetan InfoLeitza whatsapp hedapen zerrenda ere indar handia hartzen ari dela herritarrekiko gertuko komunikazioa indartzeko orduan, egun, 895 sakelekotara iristen baita hiru mila biztanleren bueltan den herrian.
Kontuak kontu, Pesten garapenaren ingurukoak kontatzeko, programa bera zabaltzeko edota eman daitezkeen aldaketez jakinarazpenak helarazteko, #LeitzekoPestak2022 traola erabiliko du Udalak. Eta herritarrei ere, Pestak bizi eta kontatzeko gonbidapena luzatu nahi izan die. Aurrekoetan bezala, auzolanean pestak komunikatzeko eskatzen diegu; #LeitzekoPestak2022 traola erabilita, argazki eta bideoak igo eta partekatzeko, alegia. Izan ere, Udaletik behin eta berriro bere argitalpenetan adierazi nahi izan duen moduan, #DenokEgitenDuguLeitza.
EZPATA-DANTZA, LEHEN ALDIZ ONLINE
Azkenik esan, komunikazio arloko jauzi berri gisa, aurtengoan Ezpata Dantza streaming bidez eskainiko dela Leitzako Udalaren FACEBOOK kanalen bidez, arrazoiak arrazoi, etxean edo plazatik urrun dauden herritar edo interesatuek, une berezi horiek gurekin batera distantziatik ere gozatzeko aukera izan dezaten.
Pesta bikainak igaro eta gogoratu, Pestetan eta beti, errespetuzko harremanak nahi ditugu.
*Behean egitarauko orrialdeak, iruditan: