Leitzako Euskal Herria plazara sartu orduko, aldaketa nabarmena da egin berri diren lanen ondoren, hala ere, betiko xarma mantentzea lortu da.
Udaletxeko teilatuko berritze lanak amaitu ondoren, plazaren moldaketekin hasi ziren lanean urtarrilean: hormigoizko lurra, kantxa inguruko eserleku eta paretei harria atera eta elkartzea, frontis inguruko sareak berritu eta irisgarritasuna hobetzeko hormigoizko bidexka eraiki da plaza sarreratik udaletxeraino.
Lan hauek 113.183,52€ ko kostua izan dute eta 50.000 euroko diru-laguntza izan dute, Europako Funtsen Landa Garapenerako Programaren barruan.
Moldaketa horiekin batera, herri kiroletarako jolaserako eremu bat gehitu da. Hormigoizko eremua zabaldu behar izan da horretarako adokinen eremua murriztuz. Beraz, hormigoizko eremuan, pilotarako kantxa mantentzeaz gain, beste gune bat sortu da pintura bidez, herri kirolak praktikatzeko.
Udalak argi dauka herri kirolak, besteak beste, Leitza ezagun egin dutela erreferente diren bertako kirolariei esker, baita berritu berri den plazan ospatu diren ikuskizun nahiz txapelketak direla medio. Horregatik eta herri kirolak sustatzeko helburuarekin, lasterka, soka-tira, txingak, harri-jasotzea eta soskor-bilketarako jolas pista bat margotu da herri kiroletarako jolas-eremu horretan.
Panel bat ere zintzilikatu da udaletxearen alboko paretean, herri kirol modaliate gehienen deskribapen eta ilustrazioekin, bisitariek informazio hori eskura izan dezaten. Honetaz gain, jolaserako materiala ere eskuragarri jarri du Leitzako Udalak. Heldu baten ardurapean, soka, soskorrak, txingak eta egurrez egindako «harriak», beren botaleku eta guzti, erabili ahalko ditu nahi duen orok.
Irisgarritasuna hobetzeko bidexka berriz, inklusioaren alde lanean diharduen LHL taldeak proposatu zuen eta Udalak burutu. Hainbat erabiltzailek eskertu duten hobekuntza izan da, izan ere, orain plaza denon eskura jarri baita, adokinegatik bertara ailegatu ezin zutenak barne.
Plazaren itxura aldaketarako ukitu berezia falta zen. Frontisaren atzekaldeak kale estu batera ematen du eta bertan mural bat egiteko asmorekin Unai Ruiz artistarengana jo zuen Leitzako Udalak. Unaik, “tranpantojo” delako bat proposatu zuen pareta horretarako eta emaitza ikusgarria izan da. Aieneko garbilekuaren iturriko eskilaretan zutik jarrita, muralari begiratu eta atzeko paisaiko lerroei jarraipena ematen ahaleginduz gero, margolanak efektu berezi bat egiten du: izenak berak dioen bezala, begiradari tranpa egiten zaio eta eta nolabait “pareta desagerrarazi». Aste honetan bukatu du margolariak eta honekin batera, plazako berritze lanak ere bukatutzat eman dira.