Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko prebentzio zerbitzuak bultzatuta datozen hilabeteetan eskualdeko Gazte Plana idatziko da. Gazte Plana osatzeko prozesuak lau herrietako 12-30 urteko gazteen partaidetza zuzena bilatuko du, eta Udaletako langileekin elkarlanean osatuko da, antzematen diren beharrei erantzuna ematen ahaleginduko dieten eragileak direlako.
Lehenik, eskualdeko gazteen errealitatea ezagutzeko diagnostikoa burutuko da. Fase honetan garrantzia berezia hartuko du gazteei zuzendutako online galdetegiak, horregatik, dei egin nahi zaie 16 urtetik gorako gazteei bere ekarpena egin dezaten galdetegia betez azaroaren 22a baino lehen, helbide honetan: labur.eus/gazteplana. Galdetegia anonimoa da. 12-16 urte bitarteko gazteak, institutuan betetzeko aukera izango dute.
Hurrengo faseetan gazteekin zein udal langileekin ekintza plana definitzeko urratsak emango dira. Hainbat gazteri elkarrizketak burutuko zaizkie lehenik, eta gero, jasotako proposamenak udaleko langileekin landuko dira. Azkeneko fasean planteatzen ziren bilera irekiak ez egitea erabaki da Covid-19aren aurkako prebentzio irizpide gisa; eta horregatik, azkeneko faserako metodologia egokitu egin da.
Prozesuaren inguruko informazio gehiago udaletako webguneetan eta Gizarte Zerbitzuko sare sozialetan aurkitu daiteke.