Patziku Perurenaren Leitzako bordak, sorreran (1557-1965) eta Josune Aznarezen Uskararen eleak/Las palabras del uskara izan dira Euskarabideak urtero egiten duen lehiaketaren irabazleak.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafarroako Institutuaren bidez, Erronkariko euskararen eta Leitzako bordaren jatorriari (1557-1965) buruzko hizkuntza-ikerketako bi libururen edizioa finantzatu du. Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollok bi liburu hauek aurkeztu ditu: Uskararen eleak / Las palabras del uskara eta Leitzako bordak, sorreran (1557 – 1965). Aurkezpenean izan dira Josune Aznarez eta Patziku Perurena, Euskarabideak urtero antolatzen duen lehiaketan irabazleak izan diren argitalpenen egileak.
2018an sortutako lehiaketaren helburua da euskararen inguruko lexikografia, toponimia eta soziolinguistikako ikerketak bultzatzea nahiz arlo horretan hainbat ikertzailek egiten dituzten obren argitalpena sustatzea.
Ollo kontseilariaren arabera, “deialdiaren bitartez, Euskararen Foru Legearen helburuak ez ezik, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuneko helburuak ere garatu nahi dira. Horiek guztiak Euskararen I. Plan Estrategikoan jasotzen dira”.
Halaber, honela gehitu du: «aurten, deialdia indartuko dugu, 12.000 euroko zuzkidura ekonomikoarekin, eta modalitate berria ere gehituko diogu; hots, ikerketa soziolinguistikoena».
Leitzako bordak, sorreran (1557-1965)
Saritutako liburu bat “Leitzako Bordak, sorreran (1557-1965)” izan da, eta, bertan, Leitzako bordak (baserriak) noiz eta nola sortu ziren erakutsi nahi da. Ikerketaren ardatza hori da, nahiz eta Patziku Perurena egileak beste datu osagarri asko sartu ohikoa duen estiloan.
Gainera, mendeetako historiaren ondoren, orain arte inork ez du aztertu informazioaren jatorria, eta horrek berebiziko balioa ematen die liburu honetako datuei.
Patziku Perurena egilea Goizuetako Aitasemegi auzoan jaio zen 1959. urtean borda batean, baina Leitzako Amazabal kalean bizi da hamabi urte zituenetik. Hala ere, sekulan ez du galdu baserrian jasotako esperientzia, harentzat “eskola eszeptikoa” izan baitzen.
Haren obren artean, honako hauek dira ezagunenak: “Harripilatan ezkutatzen zeneko apo tipiaren burutazioak” (1990), “Koloreak euskal usarioan (1992)”, “Euskarak sorgindutako numeroak (1993)”, “Leitzako errege erreginak (1996)”, “Harrizko pareta erdiurratuak (2004)”, “Goizuetan bada gizon bat (2010)”, “Goizuetako etxeen izenak (2011)”, “Hilen xarma (2015)”, “Goizuetako dokumentu zaharrak (1324-1918) (2017)”, “Leitzalarreko Unaiak (1683-1771)”, “Zezenak plazan, Goizuetan eta Leitzan (1578-2017) (2018)”, eta “Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925) (2019)”.
Uskararen eleak / Las palabras del uskara
Saritutako beste lana “Uskararen eleak / Las palabras del uskara” da eta bertan erraten da Erronkariko euskara galdu zen arren, hainbat arlotan bizirik jarraitzen duela; hala nola, toponimian eta oikonimian.
Liburu honetan, Josune Aznarezek hirugarren eremu bat aztertu nahi izan du: eguneroko hizkera, hain zuzen ere. Era horretan, frogatu ahal izan du uskara etengabe agertzen dela Erronkaribarko zazpi herrietako eguneroko elkarrizketetan. Hortaz, lan honetan uskararen oihartzuna agertzen da; hots, eleak edo hitzak. Gainera, elkarrizketatuen testigantzen bitartez, ibar horretako jakinduria ere bildu da.
Josune Aznárez Euskal Filologian lizentziatua da eta Eusko Ikasgaietan aditua. Gaur egun, irakaskuntzan aritzen da.
Lan honen aurretik honako hauek argitaratu ditu: Euskal Literaturaren Garapena: XVI., XVII. eta XVIII. Mendeak ikerlana, Erronkaribarko etxeak / Las casas del Valle de Roncal liburua (talde-lanean) eta Erronkaribarko etxe-izen euskaldunak artikulua.
ITURRIA: erran.eus/leitzaldea
Albistea gaztelaniaz Diario de Noticias egunkarian