2019ko Errenta Aitorpenaren Kanpaina maiatzaren 6an hasiko da eta itzulpenak, 11n

Kanpainaren hasieratik bide telematikoa zabalik izango da eta jada eginda dauden proposamenak webgunean izango dira eskuragarri

Errenta eta Ondarearen hurrengo kanpaina, 2019. urteari dagokiona, maiatzaren 6an hasiko da. Data horretatik, zergadunek www.hacienda.navarra.es webgunean kontsultatu ahal izango dituzte Nafarroako Foru Ogasunak egindako proposamenak eta hasiera emango zaio Internet bidez aitorpenak aurkezteko epeari.

Egun horretan bertan, maiatzaren 6an, abian jarriko da kanpainiako arreta eskaintzeko telefonoa eta bestelako tramiteak egiteko aukera izango da webgunearen bitartez; hala nola, PINa eskuratu, datu fiskalak edota aurkeztutako aitorpenak kontsultatu.

Betalde, zergadunei egingo zaizkien itzulpenei maiatzaren 11n emanen zaie hasiera.

COVID-19ak eragindako ezohiko egoera

Aurreko urteekin alderatuz, eta COVID-19 izurriteak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz, Ogasunak ez ditu proposamenak postaz bidaliko eta ahalegin guztiak egingo ditu tramitazioa eta arreta osoa bide elektroniko zein telefono bidez eskaintzeko.

Egoerak izango duen bilakaera kontuan hartuz, Ogasuneko bulegoetako edo beste erakunde laguntzaile batzuetako langileek egindako PFEZren autolikidazioak aurkezteko epea noiz hasiko den jakiteke dago, baita kanpaina zein egunetan amaituko den ere. Bi datak Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emandako foru aginduaren bidez onetsiko dira eta herritarrei puntualki jakinaraziko zaizkie.

Nafarroako Foru Ogasunak nabarmendu du 2019 Errenta Kanpaina “ezusteko eta salbuespenezko egoeretan” garatuko dela, eta aitorpenak aurkezteko Internet erabiltzea gomendatzen du. Era berean, itzulketarako eskubidea duten zergadunei “arin” ordaintzeko konpromisoa azpimarratu du. Era berean, Ogasunak herritarren “solidaritate fiskala” eskatu du beren zerga-betebeharrak borondatez betetzeko.

Menú