Leitzara etorri zara eta, ohartuko zinen bezala, euskara da eskualde honetako herritarrok komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza nagusia. Bi hizkuntza erabiltzen ditugu, euskara eta gaztelera, baina euskara da, bertakoa, kalean gehien entzunen duzuna.

Munduan hitz egiten omen diren 7.000 hizkuntzetako bat da euskara, eta milioi bat inguru gara euskaraz egiten dakigunak. Mendeen joan-etorrian lurraldetan eta hiztunetan atzera egin badu ere, euskaldunok eutsi egin dioghu euskarari, eta gaur egun, oraindik ere, hizkuntza bizia da. Azken hamarkadetan, argiekin eta ilunekin bada ere, berreskuratze eta modernizazio prozesu batean sartuta dago. Eta gure eskualde honetan, zehazki, eta zorionez, herritar gehienak euskaraz bizi gara, Leitzan bertan herritarren % 90etik gorak daki euskaraz, eta belaunaldi berrien artean ezagutza erabatekoa da. Toki aproposean zaude gure ondare natural, kultural eta linguistikoaz gozatzeko. Zure bisitaldiaz oraindik gehiago disfrutatzeko, euskara pixka bat ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Estimatuko dizugu.

Ondorengo lotura honetan Leitzako euskara entzuteko pasarte batzuk daude: http://ahotsak.eus/leitza/

mediateka

Beste lotura honetan Leitzari eta euskarari buruzko argibide, informazio eta dokumentu ugari jaso dezakezu: http://www.iparmank.eus/