Ilbeltzeko laugarren igandetik hasi eta astelehenean eta asteartean ospatzen dira Ihoteak Leitzan. Leku gehienetan ez bezala, data hauetan ospatzen dira ihoteak gurean. Debekatuak egon ziren garai horietan ere ez zitzaion egiteari utzi, "pesta ttikiak" zirela argudiatuta.

Azken 20 urteetan galdua zegoen arren, 2008an berreskuratzeko eginahala egin den ezaugarri propioa dute gure herriko ihoteek: Zapelak. Alanbrez eginiko oinarri ahalik eta altuenak dira, paper-xingola koloretsuak josita. Putre, oilar... edo bestelakoren lumez apaindutako kukurutxo tankerako zapela erraldoi horiek buru gainean hartu -aurpegia estalita, noski- eta soinean soineko luzea jantzita koadrila ateratzen zen. Esan bezala 2008an ohitura berreskuratu zen.

Ezaugarri berezi horretaz gain, badago gure ihoteetan inguruko herrietan ere komuna den beste ohitura bat, gero eta errotuagoa: baserrietara eskera joatea. Astelehen goizean Gorriztaran, Arkiskil, Erreka eta Sakulu baserri-auzoetara eskera ateratzen da: baserriz baserri, bakoitzean etxekoek prestatuta izaten duten mahai beteko jan-edanez ase eta musikarien doinuan dantzaldi batzuk egin ondoren, ibilian jarraitzen dute. Lau taldetan banatuta ia 400 izatera ere iritsi dira. Oso errotua dago ohitura hau. Asteartean, herriko bosgarren baserri-auzora egiten da eskea, Erasotera. Baina, nabarmena denez, bezperan gailurra jota izaten baita jendea ere, askoz ere jende gutxiagok hartzen du parte. Horrek berak, baserritarrekin kartetan egiteko beta ere ematen die parte-hartzaileei.

Kontuak kontu, badira ohitura berriak ere tartean. Hala, 1999az geroztik, igandeko eguna ere oso ikusgarria izaten da, herriko koadrilek gurdiak prestatu eta kalejira egiten baita eguerdi artean. Herri bazkaria egin eta festak bakoitzaren ariora jarraitzen du. Asteartean ere koadrilek afariak egiten dituzte eta gaueko festa oso berezia izaten da, mariatxi, pantera arrosa, apaiz eta sorginen tartean ibil baitaiteke, astronautaz atxauretuta esaterako.

Ume, gazte, heldu nahiz adineko, ihoteak oso parte-hartzaileak dira gurean.