Abuztuaren 4ean aurkeztu zen Leitzako Konpartsako pertsonaia berria jendaurrean eta oso harrera ona izan zuen.

2019ko Umeen Egunaren txupinazo ordua iristerako, goizeko 10:45erako hain zuzen ere, aurkeztu zen herritarren aurrean eta ustekabean Leitzako Konpartsako kide berri izango den Frida Kahlo buruhandia.
 
Konpartsako beste sei buruhandiek egin zioten harrera eta Umeen Eguneko korporazio txikia zein udal ordezkariak ere bertan ziren une berezirako. Ekitaldi xume baina polit horretarako Markalain herriko Aitor Calleja egilea bera ere gerturatu zen.
 
Artistak bere web orrian ederki laburbiltzen duen moduan ( https://constructordegigantes.com/cabezudos/kiliki-de-leitza/ ) Frida Kalho mexikar margolari ezaguna izan zen, 1907 eta 1954 urteen arteko bere bizitza eta sufrimentu sakona irudikatu zituena batez ere. Mexikoko arte estilo independiente baten aldeko mugimenduaren parte izan zen, kultura mexikarraren sustraiak eta folklorea oinarri hartu zituena eta bere autoerretratuak nabarmentzekoak dira, besteak beste, gaur egun ere oso ezagun baititugu.
 
Baina batez ere emakume independiente eta indartsuen ikur izateagatik aukeratu da bere irudia, aurrerantzean Leitzako jai giroan lekua izan dezan. Aurkezpenean esan zen moduan "emakume honek bere bizian zehar, oso baldintza gogorretan, ausardia handiz borrokatu zuen berdintasunaren alde eta emakumezkoen eskubideen defentsan. Fridak, aipatutako baloreak defenditzen egin zuen lanari omenaldi ttiki izan nahi du irudi honek, gure egunerokoan zein jaietan ere, aintzat har ditzagun jolasean ari garen bitartean".
 
Ondorioz, guztira 7 buruhandi daude dagoeneko taldean: Ipotxa, Amonazaharra, Kantinflas, Pirata, Groutxo Marx (Gafotas deitua), Abel Barriola eta orain, Frida Kahlo.
 
Ongietorri Konpartsara eta Leitzako pesta girora Frida!