Ingurutxoa dantza
Leitzakoa da Ingurutxoetan ezagunena eta denboran zehar gaurdaino etenik gabe iraun duen bakanetakoa.
Ez dakigu noiztik dantzatu izan den baina gaur egun oraindik bizi-bizirik dagoen dantza da, herriko festetan eta bestelako ospakizunetan ere presentzia duena. Hona adibide bat:
Orain 90 urte Hilario Olazaranek ingurutxoari buruzko lan monografikoa egin zuen. Geroztik, hainbat dantza adituk gure kultur ondare handienetakoa goraipatu izan dute, Ingurutxoetan garrantzitsuenetako eta “osoenetako” gisara definituz, gainera. Nafarroako garrantzitsuena bezela hartua izan da, bere koreografia-aberastasun eta doinu aniztasunarengatik.
Garai batean harremanetarako edo/eta festa egiteko tresna ezin hobea izan zen, eta ziurrenik horregatik iraun du, etenik gabe, urte hauetan guztietan. Horrez gain, Leitzarrok tradizioari eusteko dugun grina ere kontuan hartu behar da, gaur arte irauten lagunduko zion ezaugarria.
Hala ere, urte luze hauetan aldaketak ere eman dira: garai batean, festetan, gauero dantzatzen zen ingurutxoa, eta orduan hainbeste dantzari biltzen zen, ezen herriko plaza kanpokaldetik hartu behar izaten zela dantzariak sartuko baziren, plazan bertan denentzat lekurik ez zelako. Gaur egun ez da halakorik gertatzen baina bada hainbat data seinalatu ingurutxoak hutsik egin ezin duena: hala nola ekainaren 24an arratsaldez (San Joan Bezperaren aitzakian); festetako umeen egunean; San Tiburtzio egunean (abuztuak 11), ilunabarrean; festa bigarrenean (abuztuak 12) arratsaldez, Aurrera dantza taldearen eskutik eta egun berean gauez, gaueko erromeria amaitutakoan; abuztuaren 15ean ere helduen Ingurutxoa izaten da; eta urriko lehen larunbatean ere, Aurrera elkartearen egunean hain zuzen, dantzatzen da, arratsaldez.
Espainiar Telebistak 1970eko hamarkadan Leitzako ingurutxoari buruz egindako grabaketa ikus dezakezue honako lotura honetan:
Dantza honen zehaztasunez informazio gehiago dantzan.eus webguneko lotura honetan duzue.
Herri Kirolak Leitzan
Herri kirolen garrantzia herrian
Herri kirolak herrian tradizio handikoak dira eta horren froga da urtero, lantzean behin, Euskal Herri mailako txapelketek ere lekua hartzen dutela herriko pilotaleku edo plazan ikuskizuna eskainiz: aizkolariak, harrijasotzaileak, segalariak, txingalariak, sokatiralariak, giza-probak, erronka bereziak…denetik egon daiteke tarteka.
Ez dira gutxi herriak eman dituen herri kirol ezberdinetako izarrak eta, maila xumeagoan eta jolas girotik gertuago bada ere, Pesta Bezperan kuadrilen arteko herri kirol saioak arrakasta izan ohi du. Pestetako programan ez dira arlo honetako ikuskizunak inoiz falta izaten. Azkenik, aipagarria da aurteko udan hasiko diren Euskal Herria plazaren berrikuntza laneko proiektuari esker, umeek jostaketan herri kirolekin hastapeneko probatxoak egin ditzaten eremu bat atonduko dela.
Gaiaz gehiago jakiteko, Herri Kirolen Nafarroako Federazioaren webgunera jo dezakezu hemen.
Orantzaroa
Abenduaren 24aren bueltan, herriko zenbait atari, geroz eta gehiago, Orantzaroa bertan dela prestatzen dira: etxeetan Orantzaroak egin eta balkoietan, leihoetan, ate-ondoetan jartzen dituzte Gabon gauerako.
Leitzako Orantzaroa aspaldiko jai zaharra da, azken urte hauetan berritzen eta aberasten joan dena. Zaharrenek gogoan dute nola jartzen zuten etxe aurrean panpina, janzkera eta itxura anitzez irudikatuta: emakumeak, sorginak, basolariak, indianoak, segalariak, eta baita ikazkinen bat ere… Baserriren batean gogoan zuten nola enbor handi berezi bat ekartzen zuten gau magiko horretan erretzeko, lehendik apainduta… panpinaren aurrean.
“Panpina” jarriz, edo zerbait irudikatuz… etxeetako Orantzaro desberdinak ikusiz, herrian barrena ibilbidetxoa egiteko aitzakia polita izaten da urtero. Parte-hartzaileen artean lehiaketa eta zozketa ere egiten dira.
Iluntzean, berriz, Orantzaroari ongi etorria egiten zaio: menditik kablean iristen da herrira “hegan” eta gero, plazan ongietorria eginda, kalejira egiten da. 2007az geroztik, Maimur herriko lamia mitologikoak egiten dio bisita Orantzarori plazan egiten den ikuskizun berezian. Ekitaldi honetan ere, gabon gauak izaten duen garrantziaz gain, data honetan ematen den solstizio aldaketa ere ospatzen da. Jeiki abesbatza, txistulariak, dantzariak…ez da inor falta izaten ikuskizunaren parte.
Leitzako Orantzaroa aspaldiko jai zaharra da, azken urte hauetan berritzen eta aberasten joan dena. Zaharrenek gogoan dute nola jartzen zuten etxe aurrean panpina, janzkera eta itxura anitzez irudikatuta: emakumeak, sorginak, basolariak, indianoak, segalariak, eta baita ikazkinen bat ere… Baserriren batean gogoan zuten nola enbor handi berezi bat ekartzen zuten gau magiko horretan erretzeko, lehendik apainduta… panpinaren aurrean.
“Panpina” jarriz, edo zerbait irudikatuz… etxeetako Orantzaro desberdinak ikusiz, herrian barrena ibilbidetxoa egiteko aitzakia polita izaten da urtero. Parte-hartzaileen artean lehiaketa eta zozketa ere egiten dira.
Iluntzean, berriz, Orantzaroari ongi etorria egiten zaio: menditik kablean iristen da herrira “hegan” eta gero, plazan ongietorria eginda, kalejira egiten da. 2007az geroztik, Maimur herriko lamia mitologikoak egiten dio bisita Orantzarori plazan egiten den ikuskizun berezian. Ekitaldi honetan ere, gabon gauak izaten duen garrantziaz gain, data honetan ematen den solstizio aldaketa ere ospatzen da. Jeiki abesbatza, txistulariak, dantzariak…ez da inor falta izaten ikuskizunaren parte.
Ikusi hemen Orantzaroaren inguruko informazio gehiago.
Zintzarri jotzea
Gauerdi inguruan jendea plazan biltzen da, zintzarri banarekin, eta herrian barrena (auzo guztietan zehar, zaharrak eta berriak) horiek joaz ibiltzen da, oinez, pausoan. Aldian behin, soinua handiagoa izan dadin edo, lasterraldiak ere egiten dira, aldapa beherak baliatuz.
Soinua ateratzeko jendeak zintzarriak eramaten ditu, eta baita joaleak, kulunkak, karrakak, kanpalinak, eta kaxkabelak ere.
Gaur egun biharamuneko kabalkadaren oharpen gisako ekitaldi-ekintza modura jotzen da, alegia, hiru errege magoak etorri aurreko iragarpena, umeek egun horietan bizi duten zirrara areagotuz: zintzarri soinuak aditu, “lo hori egin”, eta hurrengo egunean, erregeak etorriko dira.
Baina ohitura hau kabalkadak eta opariak egiten eta banatzen hasi baino askoz ere lehenagokoa da. Jada neguko garai hotz eta ilunenak igaroak izaki, abenduaren 21ean neguko solstizioa pasa eta eguna luzatzen hasia baitago ilbeltzeko tenore honetan, “lurrari esnatzen laguntzeko”, alegia, udaberrirako prestatzen hasteko, jotzen omen zituzten zintzarriak eta joaleak herritarrek. Adituen ustez gure herriko ohitura honek zuzeneko lotura du Iturengo eta Zubietako joaldunenarekin, esanahiari dagokionez, tenore bertsukoak baitira.
Aipatzekoa da ekitaldi honek hurrengo goizean jarraipena izaten duela. Ilbeltzaren 5eko eguerdi artean umeak ateratzen dira, mordoskaka, auzoan barrena zintzarriak jotzera. Baina ohitura hau galtzen ari ote den dirudi, azken urteotan oso ume gutxik parte hartzen baitu.
Kabalkada eta Errege Bezpera
Ohitura honek 40 bat urte ditu gure herrian. Gainerako lekuetan bezala, Hiru Errege Magoen etorrera irudikatzen da, su-argi, kantu, musika eta Jaiotzarekin.
Aurrera K.E.-ko talde zehatz bati esker, harrera polita egiten zaie hiru erregeei herrian. Laguntzaileak, opariz betetako gurdia, metalezko musika-tresnen hotsa, txistulariak, abereak, su artifizialak, lastargiak, abesbatza, etxeferoak, elkarteetara bixita bereziak…ez da ezer falta izaten ilunabar magiko baterako.
Santa Ageda Bezpera
Umeak etxez etxe ibitzen dira goiz partean, eskea egiten, hemen bertakoa den kantua abestuz: “Agira-agirando” kanta. Euskaraz ez ezik, gaztelaniazko hasiera duen kantu bitxia da hau, inguruko herrietan ere ezagutzen ez dutena eta oraingoz jatorria non duen argitu gabe duena. Arratsaldean, baserrietara jotzen dute.
Honatx kantuaren letra:
“Agira-agirando
aquí estamos cuatro
cantaremos dos
una limosnita
por amor de dios.
Gaur egun ona
bihar pazkoa
etzi ezkontzen da
gure atsoa.
Agira-magira, kukurruku
oilarrak ontzik hautsi ttu
haik patzeko dirue behau
etxe hontan oilo bi
batak bestea dirudi
etxe hontako etxekoandrek
ama birjina dirudi.”
Atea jo, kanta hau abestu eta inor ateratzen ez bazen, garai batean, beste kantu bat ere egiten zen:
“Armarioan xague
kontrarioa katue,
etxe hontako limosnakin
eztu bela beteko zakue”
Eta ospa egiten zen ate ondotik badaezpada. Gaur egun, normalean ez dute horrelakorik abesten.
Esan, azken 10 urtetik hona, Santa Ageda Bezperako koplak kantatuz ere saiatzen direla umeak. Honen harira, iluntzean trikitilari, akordeoi jole eta txistulariekin kalejira egiteko ohitura hartu da, prestatutako kopla kantari eta bertso eskolako kide batzuek umore eta sormenez lagunduta.
Egun bereziari amaiera emateko, mokadutxoa egin ohi da plazako karrapean.
Ihotek
Ilbeltzeko laugarren igandetik hasi eta astelehenean eta asteartean ospatzen dira Ihoteak Leitzan. Leku gehienetan ez bezala, data hauetan ospatzen dira ihoteak gurean. Debekatuak egon ziren garai horietan ere ez zitzaion egiteari utzi, “pesta ttikiak” zirela argudiatuta.
Azken 20 urteetan galdua zegoen arren, 2008an berreskuratzeko eginahala egin den ezaugarri propioa dute gure herriko ihoteek: Zapelak. Alanbrez eginiko oinarri ahalik eta altuenak dira, paper-xingola koloretsuak josita. Putre, oilar… edo bestelakoren lumez apaindutako kukurutxo tankerako zapela erraldoi horiek buru gainean hartu -aurpegia estalita, noski- eta soinean soineko luzea jantzita koadrila ateratzen zen. Esan bezala 2008an ohitura berreskuratu zen.
Ezaugarri berezi horretaz gain, badago gure ihoteetan inguruko herrietan ere komuna den beste ohitura bat, gero eta errotuagoa: baserrietara eskera joatea. Astelehen goizean Gorriztaran, Arkiskil, Erreka eta Sakulu baserri-auzoetara eskera ateratzen da: baserriz baserri, bakoitzean etxekoek prestatuta izaten duten mahai beteko jan-edanez ase eta musikarien doinuan dantzaldi batzuk egin ondoren, ibilian jarraitzen dute. Lau taldetan banatuta ia 400 izatera ere iritsi dira. Oso errotua dago ohitura hau. Asteartean, herriko bosgarren baserri-auzora egiten da eskea, Erasotera. Baina, nabarmena denez, bezperan gailurra jota izaten baita jendea ere, askoz ere jende gutxiagok hartzen du parte. Horrek berak, baserritarrekin kartetan egiteko beta ere ematen die parte-hartzaileei.
Kontuak kontu, badira ohitura berriak ere tartean. Hala, 1999az geroztik, igandeko eguna ere oso ikusgarria izaten da, herriko koadrilek gurdiak prestatu eta kalejira egiten baita eguerdi artean. Herri bazkaria egin eta festak bakoitzaren ariora jarraitzen du. Asteartean ere koadrilek afariak egiten dituzte eta gaueko festa oso berezia izaten da, mariatxi, pantera arrosa, apaiz eta sorginen tartean ibil baitaiteke, astronautaz atxauretuta esaterako.
Ume, gazte, heldu nahiz adineko, ihoteak oso parte-hartzaileak dira gurean.
Ihoteez gehiago jakiteko, joan hona.
Agiri hauetan ere informazio ugari topatuko duzu.
Leitzako Herri Krosa
Apirila erdi aldera izaten da, herritar eta ingurukoentzat kros berezi hau. Herrigunea eta inguruko txendak hartzen ditu.
Herrikoiaren kutsurik ez du galdu eta festa itzela izaten da herrian. Apustuak, erronkak eta korrikalari finak ez dira sekula falta, ez eta parte-hartzaile eta korrikalarien umore ona ere. Adin ezberdineko korrikalarientzat egokitzen dira ibilbideak, beraz, inork ez du parte ez hartzeko aitzakiarik.
Aipagarri da bere 41. edizioan, Covid-19aren testuinguruak ere ez zuela bertan-behera uztera eraman. Parte hartzeile ugarik etxetik lasterka bidalitako bideo laburreikin muntaia ederra osatu zuten, edizio herrikoi berezi bezain polita plazaratuz. Emaitza ikusi nahi baduzu, sakatu hemen.
Kultur Aroa
1978. urteaz geroztik maiatzaren bukaera aldera antolatzen den kulturaz beteriko aroa. Lehen Kultur Astea izaten zen, orain hiru edo lau astez egiten den Kultur Aroa da.
Hitzaldiak, musika, ikuskizunak, erakusketak, artisau azoka, sagardo eguna,,, Ederki gozatzeko aukera bikaina eskaintzen dute Leitzako Kultur Taldeak eta laguntzaileek. Astegunetan iluntze partean, normalean, hitzaldiak, dokumentalak, diapositibak, mahai- inguruak… egiten dira, momentuan aktualitate diren gai eta pertsonaiekin. Eta asteburuek festa kutsua izaten dute berriz. Nabarmendu beharrekoa da maiatzeko azken igandean esku-langileen erakusketa egiten dela; bertara Euskal Herriko artisauak etortzen dira, ahalik eta langintza gehienetakoak, betiere lekuaren muga aintzat hartuz. 30-40 esku-langitza postu izan ohi dira bertan.
San Juan Bezpera
Ekainaren 23a egun berezia da munduko eta Euskal Herriko leku askotan. Leitzan ere izaten da zer egina eta elkarrekin zertaz gozatua.
Arratsalde partean umeek Ingurutxoa, berta-bertakoa den dantza, dantzatzen dute plazan. Ondoren, txistorraz betetako opilak banatzen zaizkie, horiei eta, ahal bada, nahi duen guztiari.
Eta gauean, oso berezia den ospakizuna izaten da Leitzan: herriko plazan, bakoitzak bere afaria eramanda, 1.000 lagunetik gora biltzen dira afaltzera; herriko plaza afaldarrez betetzen da, koadrilaka-koadrilaka eramandakoa jatera. Gauerdiaren bueltan San Juan sua pizten da eta suaren gainetik, ohiturak dioenez behinik behin, hiru aldiz gutxienez salto egiten du nahi duenak. Udako solstizioaren sarrerako festa honetan, suak irudikatzen duen gaixotasunaren aurkako boterea agerikoa da: “San Juan Bezpera, sarna fuera!“. Sinesmenak ala sineskeriak, gau oso berezia dela ezin ukatu.
Leitzeko Pesta Nagusiak
Abuztuaren 10ean, arratsaldeko 6etan botatzen den suziriarekin, etxafuegoarekin, hasten dira Tiburtzio Donearen herriko pestak. Orduan hasi eta ondorengo bost egun eta erdian, ez da zer ikusi, zer entzun, zer dantzatu… zerekin dibertiturik faltako.
Txaranga, pailazo, goitibehera, xexen, entzierro, musika talde, bertsolari, pilotari, joko… ekitaldi asko eta askotarikoak izaten dira egunero, goiz eta arratsalde. Herrian bereziki arrakastatsuak izaten dira herri kirol erakustaldiak eta herriko dantza taldeak eskaintzen duen emanaldi berritua, eta une hunkigarrienetakoak, berriz, abuztuaren 11ko pesta egun nagusian gertatzen ohi dira, herriko ezpatadantzariek Ezpata-dantza dantzatzen dutenean.
Ikuskizunez gain, kale giro aparta izaten da herrian, kaleak bete jende hurbiltzen baita herri-gunera, bertakoak ez eze, kanpotik etorritakoak ere, eta txarangaren kalejirak tarteko, pestazalez betetzen da herria.
Aipatu behar da, abuztuaren 10aren aurreko asteburuan “erreparto eguna” eta “umeen eguna” ospatzen direla. “Erreparto egun” horretan, urte horretako festetako egitaraua banatzen da etxez etxe. Egitarau hori “Plazaola” deritzon aldizkarian txertatuta banatzen da, oso aldizkari berezia herritarrontzat, izan ere herriko jendeak idatzitako mota guztietako idazlanak argitaratzen baitira bertan, urtean behingo honetan.
Talo eguna eta Euskal Herriko Irrintzi Txapelketa
Herrian bi talogile familia izaki eta 2004. urtean Talotegia irekita, egun hau ospatzen hasi zen. Egun Talotegia itxita badago ere, egunak aurrera dirau eta produktu honen erakusleiho egokia da.
Besteak beste, taloen lehengaia den artoa ekoizteko eta horrekin irina egiteko prozesu guztian beharrezko diren lanabesen eta abereen erakusketa izaten da egun horretan, herri-kirol saioez gain. Eta taloekin egindako mokadu berritzaileak prestatzen dituzte lehiaketan parte hartu nahi dutenek, herriko jatetxeek nahiz tabernek, eta plazan jartzen dituzte erakusgarri.
Eta nola ez, egun honetako protagonista, taloa, jateko egun osoan zehar izaten da, herriko bi talogileek jarritako postuetan.
Azken urteetan arratsaldean Euskal Herriko Irrintzi Txapelketa ospatzen da egun honetan bertan. Umeen saioa lehenik eta helduena gero, ikusmira handia sortzen duen txapelketa izaten da. Edonork parte hartzeko modua du gainera, jendaurrekoan kokildu ez eta eztarria lagun badu behintzat.
Mikologialdia
Onddo garaian, gure mendi eta basoetako aberastasunean begirada jartzea dagokigu.
Duela 30 urte, urtero antolatzen zen ekimena zen baina bertan behera gelditu zen gero. 90. hamarkadan berreskuratzeko saiakerak egin ziren, baina urte pare batez lortu zen soilik. Geroztik ez zen egin, eta 2008. urtean beste saiakera bat egin zen, halako zoriz, non onttotarako oso urtabe txarra suertatu zen. Hala eta guztiz ere, ontto aukera eskasia eskasi, 50 espezie desberdin sailkatzea lortu zen, eta erakusketa egin egin zen.
Azken urte hauetan, Haur eta Lehen hezkuntzako Erleta eskolako umeen onddoen inguruko lanak egon ohi dira erakusgai karrapean alde batetik; bestetik, onddo eta ziza bila joateko txangoa antolatzen da aurreko astean zehar; eta onttoen jakintza eremuko erakusketa, hitzaldi eta ikus-entzunezkoak antolatzen jarraitzeko asmoa dago. Noski, dastatzeko beta ere izaten da.